Albisteak

EAJren ustelkeria kasuak gogora ekarri eta EH Bildun horrelakorik ez dagoela azpimarratu du Iriartek: “Hitza bete eta fidatzekoa izan behar da”


“EH Bilduren marka, ustelkeriarik ez, ezta kasu bat ere”, azpimarratu du Iriartek. “Fidatzekoak gara. Erakunde askotan gobernatu dugu eta inoiz ez dugu eskua kutxan sartu; beste batzuek ezin dute gauza bera esan. Hilaren 12an zintzotasunaren eta gezurraren artean aukeratu behar da”.

EH Bildu | 2020-07-04 16:25:00

“Uztailaren 12an zintzotasunaren eta gezurraren artean aukeratu behar da, enpatiaren eta apatiaren artean”. Maddalen Iriarteren hitzak dira, gaur goizean Bilboko Plaza Barrian bildutakoei zuzendutakoak, EH Bilduren marka, zintzotasuna, aldarrikatzeko baliatu duen ekitaldi politikoan. Lehendakarigaiak Urkulluri gogorarazi dio horren haritik EH Bildu, EAJ ez bezala, ez dakiela zer den ustelkeriak zipriztindurik egotea, 120 alkatetza baino gehiago dituen arren. “Zero ustelkeria kasu, Urkullu jauna, zero ustelkeria kasu”.

Zintzotasuna da EH Bilduren marka, azpimarratu du Iriartek, eta azaldu du zein den Urkulluk askotan aipatzen duen EAJ marka. “Herri askotan dakite zer esan nahi duen horrek: Alonsotegi, De Miguel, Balenciaga, Montai, Osakidetza, Bravo, Gipuzkoako Ogasuna, Marguello, Elgorriaga, Habidite, Hiriko, Zubietako angulak, Bakio, Zierbana, Errigoiti, Mallabia, Iurbenor…”.

EAJ tartean dagoen ustelkeria kasuen zerrenda luzearen adibide horiei kontrajarrita, politikan “hitza eduki eta fidatzekoa izan” behar dela esan du lehendakarigaiak. “EH Bildun esaten duguna egiten dugu, eta egiten duguna esaten dugu. Hitza izan behar da. Fidatzekoa izan behar da. EH Bilduk hamarnaka erakundetan gobernatu du eta inoiz ez du eskua kutxan sartu. Inoiz ez. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan”.

Arnaldo Otegi boto aurrerakoia EH Bildun kontzentratzeko dei egin du

Arnaldo Otegik, bere aldetik, ziurtatu du hilaren 12an aldaketa hasiko dela; zentzu horretan, “gure herriko eragile aurrerakoi eta soberanista guztien mobilizazio erraldoi bat” eskatu du, boto aurrerakoi guztiak EH Bildun kontzentratzeko, “hauteskunde hauetan botoak lehiatzeko prest dagoen aukera bakarrean bildu behar direlako. Aukeratu egin behar da, eta erantzukizunez aukeratu behar da”.