Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek EAJk eta PSEk proposatzen dituzten doikuntza fiskalei zuzenketak erregistratzeko ezarritako luzapenaren aurka ez du egingo EH Bilduk; izan ere, ezkerreko alderdi subiranistaren iritziz, EAJ_PSEk proposatzen dituen doikuntzak kenkarien laburpen bat baino ez dira, eta herriaren zati honek behar duen erreforma fiskal sakonetik urrun geratzen dira. EAJk eta PSEk emendakinak aurkezteko epea luzatzera behartuta ikusi dira eta EH Bilduk, beste behin ere, eztabaida fiskal luze bati ekiteko eta negoziazio serio bat sustatzeko baliatuko du.
Unai Urruzuno EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunaren ustez, "azken egunotan egin diren adierazpenek eta mugimendu politikoek, edo zuzenketak aurkezteko epea luzatzeko erabakiak, agerian uzten dute EAJk eta PSEk euskal herritarrei helarazi nahi dieten egonkortasunaren irudia faltsua dela". Gaineratu duenez, bi alderdi horiek ezberdintasun sakonak dituzte funtsezkoak diren gaietan, fiskalitatean, esaterako. "EAJ zerga sisteman aldaketak egiteko PPrekin akordio bat bilatzen ari den bitartean, PSEk ez du bide hori sakondu nahi, eta nahiago du EH Bildurekin akordio bat bilatzea", esan du.
Emendakinak aurkezteko luzapen hori zuzenketak EH Bilduk, EAJk eta PSEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan lortutako akordiora itzultzeko baliatu behar dela esan du Urruzunok. "EAJk eta PSEk aurkeztutako proposamenak alde batera uzten ditu Gipuzkoako akordioan jasotako funtsezko alderdiak. Orain akordio horren edukietara itzultzeko aukera dugu eta EH Bildu aukera hau aprobetxatzeko prest dago".
Bestalde, EH Bildu kezkatuta agertu da atzo jakin zelako Bizkaiko udalek 57,7 milioi itzuli beharko dizkiotela Aldundiari, zerga bilketan izandako beherakadagatik. Urruzunok iragarri du Gipuzkoako eta Arabako udalak egoera berean egongo direla. EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunak azaldu duenez, gure ekonomiari eragiten ari zaion mundu mailako ezegonkortasun egoerak hobera egingo duenik ez da espero, eta herri honetako erakundeek baliabide gehiago beharko dituzte herritarrek eskatuko dituzten zerbitzu publikoak mantentzeko eta indartzeko. "Erreforma fiskal sakon bati ekin beharrean, EAJk eta PSEk doikuntza minimo bat egitea erabaki dute, eta horrek zerga bilketa murriztea ekarriko du. Nola mantendu eta indartu nahi dituzue zerbitzu publikoak? Edo bestelako asmoak dituzte? ", esan du Urruzunok.