AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-10-17

EH Bildu "oso kezkatuta" agertu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udaletan euskara erabiltzeari buruz emandako epaiaren aurrean. Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak adierazi duenez, "erabaki honekin, beste behin ere, gure herriaren subiranotasuna zalantzan jartzen da. Argi geratzen ari da sektore atzerakoienen izaera inboluzionista ". Zentzu horretan, larritasuna are handiagoa dela gaineratu du, "Espainiako ultraeskuinak, kasu honetan Voxek, salaketa jarri ostean hartu delako erabakia".

Urruzunok azpimarratu du horrelako egoerak "ezin direla normalizatu", eta gogorarazi du azken hilabeteetan hainbat epai eman dituztela auzitegiek, euskarari eta, beraz, gure herriaren idiosinkrasiari eta subiranotasunari eragiten dietenak. "Gure subiranotasunarekin ezin da horrela jokatu. Ezin da epaitegien esku egon. Batez ere salaketak alderdi eta sektore faxistetatik badatoz”.

Azkenik, egoera horiei erantzuteko deia egin die Urruzunok euskal herritarrei, eta hurrengo ordu eta egunetan deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. “Azken finean jokoan dagoena gure herriaren, gure nazioaren biziraupena da. Erantzun egin behar da. Azaroaren 4ko manifestazioa dugu horretarako aukera bat. Eta baita ere azaroaren 18rako Bilboko kaleetan deitu dugun mobilizazioan beste aukera bat izango dugu horretarako”.