AKTUALITATEA

| 2021-04-14

EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du euskal erakundeetan (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua) eta Kongresuan. Proposamen horren bidez, gobernuei eta koordinazio fiskaleko organoei eskatzen zaie Nazioarteko Diru Funtsak egindako proposamenak azter ditzatela, gai fiskalei dagokienez, Covid-19k sortutako krisi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko.

Iaz, pandemia hasi zenean eta horrek ekarriko zituen ondorio ekonomiko eta sozial larriak ikusi zirenean, EH Bilduk Covid tasa bat ezartzea proposatu zuen erakundeetan. Baina gobernu horiek sostengatzen dituzten alderdiek errefusatu egin zuten, zorpetze publikoaren aldeko apustua egitea nahiago izan baitzuten. Joan den astean, Nazioarteko Diru Funtsak proposamen batzuk jarri zituen mahai gainean, EH Bilduk aurkeztu zituenekin bat eginez.

Ezker subiranistaren ustez, beharrezkoa da zerga erreforma bat egitea, diru gehiago biltzeko, herrialde honetan sortutako aberastasuna hobeto banatzeko, eta, beraz, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Covidak eragindako krisiak agerian utzi du sistemaren hauskortasuna, ez baita gai herritar askoren premia primarioei erantzuteko. Hain da handia sistemaren krisia eta hauskortasuna, non Nazioarteko Diru Funtsa bezalako organo batek ere zerga-erreformak iradokitzen baititu, ahulenak babesteko diru gehiago biltzeko helburuarekin.

Erreforma fiskalen korronte hau ez da isolatua. Erresuma Batuan sozietateen gaineko zerga %19tik%25era handitzea edota ondarearen gaineko zerga ezartzea eztabaidatzen ari dira. Danimarkan, aberastasun handiei eta bankuei zerga bat ezartzea planteatzen ari dira, Europako Batzordea multinazional handiei zerga bat ezartzeaz ari da, Argentinan aberastasun handiei tasa berezi bat ezarri nahi diete Covid-19k eragindako krisiari aurre egiteko... Beraz, korronte globala da, pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozial larriari aurre egiteko sistemak duen ezintasunean oinarritzen dena.

EH Bilduk uste du gure herria ezin dela eztabaida horretatik kanpo geratu, pandemia baino askoz lehenago egin beharko zela, eta agintarien betebeharra dela herritarrak babesteko neurri guztiak aztertzea. Horregatik, Nazioarteko Diru Funtsak aurkeztutako txostena aztertzeko eta erreforma fiskal justuarekin amaituko den bidea egiten hasteko ekimenak aurkeztuko ditu erakundeetan, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten eta herritarrak hobeto babesteko.