AKTUALITATEA

| 2020-04-03

EH Bildu eta ERC bideokonferentzia bidez bildu dira, alderdi horiek duten aliantza estrategikoaren baitan. Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako Estatuko eta Europako egoera politikoa aztertu dute bi alderdi subiranisten ordezkariek, non Covid-19k sortutako osasun eta ekonomia krisiak protagonismo handia izan duen. Gaur arratsaldean izan den bileran, Arnaldo Otegi, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta izan dira EH Bilduren ordezkariak; ERCren aldetik, berriz, Pere Aragonesek, Marta Vilaltak, Gabriel Rufianek, Sergi Sabriak eta Josep Maria Jovek hartu dute parte.

EH Bilduk eta ERCk doluminak eman dizkiete Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako Estatuko hildakoen familiei. Eta, era berean, euskal herritar, katalan eta espainiarren osasunarekiko duten kezka azaldu dute. EH Bilduk eta ERCk euskal herritarren eta kataluniarren etorkizun ekonomiko eta laboralarekiko kezka agertu dute. Bi alderdien kezka, une honetan, osasunean eta ekonomian zentratzen da, elite ekonomiko handien interesen aurrean, beren interes ekonomiko propioak lehenesten ari baitira herritarren osasuna zaintzearen aurrean.

EH Bilduk eta ERCk nabarmendu dute Covid-19k sortutako krisiak agerian utzi dituela sistemaren josturak eta mugak. Azken urteetan oinarrizko gizarte-zerbitzuetan egindako murrizketek oso ahulduta utzi dute sistema publikoa, bereziki osasungintza eta herritarrak babesteko sistema osoa.

Bestalde, Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerreko indar independentistetako ordezkarien ustez, krisialdi honek aurrera ateratzeko inplementatu behar ditugun lezio batzuk uzten dizkigu: oinarrizko gizarte-zerbitzuak inbertitzea eta indartzea, herritarren babesa zaintzea, enpleguaren kalitatea bermatzea, kalitatezko enplegua sortzeko inbertitzea, ingurumena zainduko duen enplegua sortzea... Ildo horretan, herrialde bakoitza independentismotik, errepublikanisotik eta ezkerretik eraikitzeko elkarlanean aritzeko borondatea azaldu dute bi alderdiek; pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte ereduak eraikitzeko asmoa azaldu dute, berdintasunean oinarritutakoak eta ongizate estatu indartsua izango dutenak.

Halaber, EH Bilduk eta ERCk salatu dute Espainiako Gobernua politika zentralistak egiteko erabiltzen ari dela krisi hau, Estatuko herrietan dauden gehiengoen borondateari eta errealitateari erreparatu gabe. Irtenbide hobeak eman daitezke tokiko ikuspegi batetik, tokian tokiko errealitatea hobeto ezagutzeagatik. Koordinazioa behar da, ez birzentralizazioa, Estatua egiten ari den bezala. Covid-19aren krisia Estatuaren ideia nazionalista bat zabaltzeko erabiltzea, ikuspegi militarista batetik (bozeramaile militarrak eta armadaren presentzia, esaterako), zentzugabekeria handia da EH Bildu eta ERCrentzat. Era horretara, Espainiako Estatuak abiatutako politikagintza eta propaganda-kanpaina salatu dute bi alderdiek.