AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-10

Arkaitz Rodriguezek Gernikako Juntetxean izan da gaur goizean, hauteskunde kanpainaren testuinguruan, eta bertan azpimarratu du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «jauzi bat eman» behar dutela burujabetzaren eta autogobernuaren arloan. «Estatus politiko berri bat behar dugu, gizarte bezala, komunitate nazional bezala eta herri bezala ditugun erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko; izan ere, zenbat eta autogobernu eta burujabetza handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa».

Hori dela eta, Gipuzkoako hautagaiak Autogobernuari buruzko Oinarri eta Printzipioen Akordioa, 2018an EH Bilduk, EAJk eta, zati batean, Elkarrekin Podemos-IUk sinatu zutena, alegia, berreskuratzea proposatu du, «akordio haren letra eta espirituarekin bat etorriko den testu artikulatu bat adosteko». Helburu horrekin, autogobernuari buruzko ponentzia parlamentarioa berraktibatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduren izenean. «Legealdiko lehenengo hiru hilabeteetan batzordea martxan ipiniko dugu berriz ere, urtebeteko epean testu artikulatu bat adosteko asmoz». Azaldu duenez, EH Bildu «marra gorriak ipini gabe» joango da negoziazio horretara, eta gauza bera egiteko eskatu die gainerako indar politikoei, «bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondatea errespetatzeko ere».

Rodriguezen arabera, hil honen 21eko hauteskundeek «mandatu demokratiko argi bat utziko dute, burujabetzan zein ezkerreko politiketan aurrera egitea, hain zuzen ere, eta mandatu demokratiko hori errespetatu behar da, eta gauzatu ere, burujabetzan eta autogobernuan jauzi kualitatibo bat emanez».