AKTUALITATEA

| 2019-11-11

Azaroaren 10ean Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek bere dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa eman baino lehen Morales presidentearen, bere gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsien senideen kontrako erasoak eman ziren.

Egoera honen aurrena, EH Bilduk gogor salatzen du Bolivian ematen ari den estatu kolpea, egoera benetan larria da eta konfrontazio zibilerako arriskua handia dela azpimarratu nahi dugu, izan ere estatu kolpea bultzatu duten indarrek errepresioarekin erantzuten ari zaizkio Moralesen alde antolatutako herritarrei. Aurreko hilabetean izandako hauteskundetan Evo Moralesek bozen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela azpimarratzekoa da ere.

Moralesen kontra altxatu direnei eskubide zibil eta politikoen errespetua eta gatazka negoziazio eta akordioaren bidez konpontzera dei egiten diegu eta Estatu Kolpe honen kanpo-bultzatzaileei injerentzia gelditu eta Boliviako soberania errespetatzera deitzen ditugu.

EH Bilduk bere babesa adierazi nahi die Evo Morales presidenteari eta MASeko lagun guztiei eta bereziki El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei. Azkenik EH Bilduk dei egiten dio Euskal Herriko jendarteari Estatu kolpe honi aurre egiteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.