AKTUALITATEA

| 2024-02-09

Herri honen inguruan egiten duen diagnostikoa eta ditugun erronkei erantzuteko mahai gainean jartzen dituen konponbideak jasotzen dituen entsegu politikoa aurkeztu du Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, gaur arratsaldean, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. 300 lagunetik gora bildu dituen aurkezpen ekitaldia zainduan, gonbidapen zehatza egin die gainontzeko alderdietako hautagaiei: “Idatzitako saiakera politikoa helaraziko diet, herri proiektu baten inguruan eztabaidatu dezagun. Eztabaidatu dezagun momentu historikoaren eta etorkizunaren inguruan”.

Eztabaida politikoaren maila altxatzeko deia egin du Otxandianok. “Aberastu dezagun eztabaida politikoa eta topatu gaitezen lehentasunen eta hartu beharreko norabidearen inguruko debatean. Nire begirada eta ekarpen apala hemen dago, EH Bildu prest dago bere ekinbidea herri honen zerbitzura jartzeko. Orain, egin dezagun mailako eztabaida bat”.

EH Bilduren lehendakarigaiak esan duenez, hurrengo aste eta hilabeteetarako “misio” bat dute politika kudeaketa hutsetik haragoko egitasmo bezala ulertzen dutenek. “Gauzak dauden bezala mantentzearekin konformatzen ez garenontzako deia izan da gaurkoa. EH Bilduren komunitatearentzako deia bezala, erregenerazio politikoa beharrezkoa dela aldarrikatzen duen gero eta jende gehiagorentzat”.

Lehentasunak

Euskal sistema eragilea berritzeko beharra aipatu du Otxandianok, eta horrek politika publiko asko birnorabidetzea eskatzen duela azaldu du. "Eta lehentasunak argi izatea" nabarmendu du. Zentzu horretan,  urgentziaz heldu beharreko bi arlo aipatu ditu: alde batetik, osasun sistema -"Datozen lau urteetan Osakidetza zutik jarri behar da berriro"-, eta bestetik, bizitzaren garestitzea, etxebizitzaren arazoari eta soldaten prekarizazioari arreta berezia eskainiz.

Bestetik, hiru eraldaketa bektore aipatu ditu, 2040. urteari begira gaurtik martxan jarri beharrekoak. “Ezin dugu denbora gehiago galdu”, esan du EH Bilduren lehendakarigaiak. Hauek dira aipatu dituen hiru eraldaketa bektoreak: interes publikoak gidatutako politika ekonomiko berri bat, ezagutza sistemak berritzea eta zaintza.

Horiek guztiak gauzatu ahal izateko, instrumentu-juridiko politikoak beharko ditugula esan du Otxandianok, estatus politiko berri bat. “Autogobernuaren dimentsionatze berri bat, nazio aitortza jasoko duena, erabakitze eskubidea aitortuko duena, botere maila handiagoa emango diguna, gainontzeko euskal lurraldeekin berdin arteko harremanak garatzeko bideak ekarriko dituena eta berme sistema eraginkor batez hornituko gaituena”.