Azken hamar urteotan, Hego Euskal Herrian, hazkunderik handiena izan duen jarduera ekonomikoa izan da turismoa eta, gaur gaurkoz, gehien hazten segitzen duena. Turismoak erronka berriak jarri dizkigu mahai gainean eta premiazkoa izango da zorroztasunez eta ausardiaz horiei heltzea. Hau da, gertaerei aurreratzeko gaitasuna funtsezko dohaina izango dugu fenomeno honi dagokion bezala heltzeko eta erantzuteko.
Testuinguru honetan, EH Bilduren ordezkaritza zabal batek lehen lan saio bat izan du Baionan Euskal Elkargoarekin, aurrenekoz Bidasoaren alde honetan erakunde ezberdinetan turismoaz arduratzen diren ordezkarien parte hartzearekin. Zehazki, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko zinegotziekin batera, bertan izan dira Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Gasteizeko Legebiltzarreko EH Bilduko kideak.
Euskal Elkargoarekin bilkura ez da kasualitatearen fruitua, begirada ondo kokatua eta lanak aurreratuak dituena entzuteko premiaren ondorioa baino. Anfitrioi lanetan Daniel Olçomendi, EH Bai-ko ordezkaria eta, era berean Euskal Elkargoko lehendakariordea eta bertan Turismo Jasangarrirako arduraduna. EH Bilduren ordezkariek lehen eskutik jaso dituzte, hala, berriki onartu den Turismo Estrategiaren funtsa eta norabidea.
Euskal Elkargoak lau urteko lanaren eta ikerketaren ostean ondutako estrategiak «turismoaren inguruan pentsatzeko molde desberdin bat» eskaintzen du. Lehenik eta behin, azpimarratu behar da estrategia hau kolektiboki landu dela, hautetsiekin, profesionalekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean. Sustatu nahi den turismo-eredua, Olçomendiren hitzetan, «turismo neurtua, arrazionala, lurraldea eta bere biztanleak errespetatzen dituena» da. Hau da, bisitari kopuruan soilik definitzen den turismo bat beharrean, «ingurumen, ur, hondakin eta bizileku politiketan dituen ondorioen arabera neurtzen den turismoa» da bilatzen dutena. Laburbilduz, lurralde-proiektuaren zerbitzura dagoen estrategia orokor bat da: «helburua klimarekiko konprometitua den turismoa eta baliabideen kudeaketa arrazionala da».
Olçomendik ondo adierazi bezala, «turismoa ez da jada sektore bat soilik, politika publiko guzien bidegurutzea baizik». Hari horri tiraka jo du EH Bilduk Euskal Hirigune Elkargoaren turismo estrategia ezagutzera. Izan ere, turismoa ez da jarduera kaltegabea, eta azken urteotako hazkundeak hainbat ondorio eragin ditu gure lurraldean eta komunitateetan, batez ere turismo gehien jasotzen duten herrietan eta hiriburuetan. EH Bilduren aburuz, hau gertatzen da politika publiko arautzaile faltagatik. Turismoa lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da, eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen lagun dezake. Baina, horretarako, ezinbestekoa da turismo-jardueraren garapen ekonomikoa zaintzea eta, hori da, hain zuzen ere, gure agintariek egin ez dutena.
EH Bilduren konpromisoa da herritarrak eta lurraldea erdigunean jarriko dituen eredu bat sustatzea: turismoa gobernatzea, azken batean. Arestian aipatu dugun aurrea hartzeko gaitasunerako funtsezkoa da turismo-politika egokia zehaztea, eta horretan gaude. Turismoa kudeatzeaz gain, gobernatu egin behar da, eta turismoa gobernatzea etxebizitzaz, trantsizio sozio ekologikoaz, ongizateaz, zaintzaz, mugikortasunaz eta hiri-ereduaz hitz egitea da, besteak beste.
Markel Ormazabal Gaztañaga