AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-11-23

Azken urratsa bete du Usansoloko segregazio prozesuak eta, beraz, Galdakaotik bereizita, udalerri bihurtu da; Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo. Gernikako juntetxean egindako botaketan, Usansolotarrek behin eta berriz adierazitako nahia gauzatzearen aldeko botoa eman dute 39 batzarkidek (EH Bildu, Podemos eta EAJ); 8 batzarkidek ezezko botoa eman dute (PSE-EE), eta bi ordezkari (PP) abstenitu egin dira. Hortaz, gehiengo argi batekin, udalerri bihurtu da Usansolo.

 

Azken hiru urteetan, EH Bilduk Galdakaoko Udal Gobernuan egindako lana ezinbestekoa izan da Usansoloren hitza errespetatu zedin.

 

Orain, Bizkaiko Buletin ofizialean argitaratuko da erabakia, eta publiko egiten den egun horretatik bi hilabeteko epea egongo da helegiteak aurkezteko. Helegiterik ezean behin betikoa izango da bereizketa, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako urratsak egingo dira egoera administratibo berrirako trantsizioa egiteko.

 

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak adierazi du edozein kasutan bide hori Aldundiak ezarritako pausoak jarraituta lasaitasunez egingo litzatekeela eta gustura azaldu da egindako ariketa demokratikoagatik. “Udal gobernu honek usansolotarren nahia errespetatzeko bere eskuetan zituen baliabideak erabiliko zituela esan zuen, eta hitza bete du. Prozesua aktibatzeko bidea egin du eta bi urteko lanketa zorrotzaren ondoren hemen gaude”.

 



Bere aldetik, Bea Ilardia EH Bilduko Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailea ere pozik azaldu da EH Bilduk egindako lanarekin eta aukera ematen zaionean, alderdiak “bete” egiten duela nabarmendu du:


“Duela 3 urte Galdakaoko udal gobernua aldatu zen eta alkate izendatu zuten Euskal Herria Bilduko Iñigo Hernandok, Usansoloko herriari hitza eman eta hura errespetatuko zuela agindu zuen. EH Bilduk esaten duena bete egiten du eta horren adibide garbia da Galdakaoko Udal Gobernuaren jarduna. Iñigo Hernando Arriandiagak, bere hitza bete egin du eta, gaur, Usansoloko desanexioa edo segregazioa onartu baldin bada, Galdakaoko udal gobernu aldaketari esker ere bada”, adierazi du.

 

“Demokraziaren funtsik garbienean errotutako gobernantza-eredua praktikatzen dugulako Euskal Herria Bildun. Eta egiten duguna esaten dugun bezala, esaten duguna ere, bete egiten dugu. Hori da gure marka! Euskal Herria Bilduk beti ekarri izan du Usansolotarren nahia, usansolotarren gogoa ganbara honetara”, gogorarazi du.