AKTUALITATEA

| 2022-10-10

Gaur Donostiako egoitzan egindako agerraldi batean, Gari Mujika EH Bilduko Zuzendari Nagusiak Mahai Politikoak hartutako erabakiaren berri eman du. Ondoren, bi bozeramaile berriek EH Bilduk joan den astean aurkeztutako Ongizate Hitzarmenaren proposamenari heldu eta, zehazki, fiskalitatearen gaian jarri nahi izan dute arreta:

"Premiazkoa da Euskal Herrian erreforma fiskalaren inguruko eztabaida irekitzea"

Europan jada zabalik dago eztabaida hau, eta Espainiar Estatuan ere hasi da eztabaida, guretzat sakontasun gehiegirik ez bada ere, guretzat orain arte erakutsi diren zantzuak norabide egokian doazela adierazi behar dugu, norabidea bai baina inondik inora ere behar duen sakontasunarekin.

Bai Jaurlaritzak baita Nafarroako Gobernuak baditu tresnak urratsak emateko gai honetan. Hemengo hiru Diputazioek eta Nafarroako parlamentuak eztabaida honi heldu eta daukaguna baino progresiboagoa den eta justuagoa den politika fiskal baterantz jo behar dugu.

Nafarroako politika fiskala EAEkoa baino justuagoa da, batik bat joan den legegintzaldian aldaketarako indarrek hartutako zenbait erabakiri esker; baina ez da nahiko genukeena. EAEkoa, aitzitik, Madrilekoaren pare dago, bere garaian Alderdi Popularrarekin adostutako erreforma fiskala da.

Ikusten ari gara EAEn soilik proposamen bat iragarri dela, eta ez dugu borondaterik ikusten gai honi heltzeko.

EH bilduk gai hau mahai gainean jarriko du, lan egingo du agenda politiko guztietan presente egon dadin, eta gogorarazi nahi du badela unea neurri estrukturalak hartzeko. 

Gehiago eta hobeto bilduko duen politika fiskal bat behar dugu, gehien dutenek gehiago ordainduko duten eredu batera jo behar dugu eta amaitu behar da behingoz lan errentek soilik sostengatzen duten finantza eredu honekin.