AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-09-17

Pello Otxandianok 2025eko EAEko aurrekontuak izan ditu hizpide gaur Legebiltzarrean, Ogasun eta Finantza sailburuak legealdiko egitasmoak aurkeztu dituen batzordean. Jaurlaritzak urriaren 29an aurrekontu proiektua onartzeko asmoa duela gogora ekarri eta gero, Otxandianok aurrekontuak desafekzio politikoari aurre egiteko balio beharko lukeela nabarmendu du. Azaldu duenez, desafekzio hori areagotzen ari da “kontratu sozialak huts egin duelako”; hau da, politika publikoak gai ez direlako herritarren beharrak egoki asetzeko. Hortaz, “desafekzio horren iturburuak identifikatu behar dira, eta aurrekontuen lehentasunak hor jarri”.

Oposizio buruaren ustez, “lau dira desafekzio horren iturburu nagusiak”, aurrekontuetan lehenetsi beharreko arloak, beraz. Lehenik eta behin, osasun sistema aipatu du, Osakidetzaren erregenerazioaren oinarriak adostu beharra; bigarrenik, “gazteek emantzipatzeko duten ezintasuna, zeinak lotura zuzena duen lan merkatuan aurkitzen dituzten baldintzekin eta etxebizitza bat prezio onargarrietan eskuratzeko ezintasunarekin; hirugarren lehentasuna zaintzen krisia da, gizarte zerbitzuetan inbertsioak eta eraldaketak eskatzen dituena, eta, laugarrenik, klima politikak erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu du: “Horrek eskatzen du garraio publikoaren aldeko apustu sendoa, etxebizitzen birgaitze energetikoaren aldeko politika ausartak eta energia berriztagarrien aldeko bultzada”.

Halaber, Otxandianok “paradigma aldaketa bat” eskatu du EAEko instituzio nagusien 2025eko aurrekontuetan, betiere herri ikuspegi batekin: “Garaiko erronkek eskala instituzional desberdinak koherentizatzera behartzen gaituzte, baliabide ekonomiko eta finantzarioak eraginkortasunez baliatzeko eta, herrialdeen arteko desberdintasunak aintzat hartuz, desberdinkeriak, edo ekitate gabezia, gainditzeko. Ezin da etxebizitza politika, klima politika, zaintza politika, industria politika… eraginkorrik planteatu, herri ikuspegiz jarduten ez bada”.

EH Bilduko buruzagia zerga erreformaz ere aritu da, “errealitate soziodemografikoak eta zaintzen krisiak gizarte zerbitzuetan gehiago inbertitzera garamatzatelako, eta horrek zerga erreformaren beharra agerian uzten du, diru-bilketa handitzeko”. Horren haritik, Gipuzkoan EH Bilduk, EAJk eta PSEk zerga erreformaren oinarriak adostu dituztela gogorarazi du, eta oinarri horiek EAE osora zabaltzea proposatu. “Oinarri horietarik abiatuz zerga erreformaren diseinua adostu behar dugu. Zerga erreforma sakon baterako unea da, 2007koak izan zuen sakontasunaren parekoa izango duena baina kontrako norantzan jarriko gaituena. Orduko hura erreforma erregresiboa izan zen, hegemonikoa zen ideologia neoliberalak blaitua. Oraingo honetan, erreformaren helburu nagusiak zerga sistemaren diru-bilketa ahalmena handitzea izan behar du, horrek ahalbidetuko baitu datozen urteetan izango ditugun gizarte erronkei aurre egiteko sektore publikoak behar dituen baliabideak eskuratzea”.