AKTUALITATEA

| 2024-11-04

Legebiltzarrak 2025erako Jaurlaritzaren aurrekontuen tramitazioa hasi du gaur, eta Pello Otxandianok debate horren baitan aberastasunaren birbanaketak izan behar duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, “urte luzeetako politika neoliberalen ondorioz errenta banaketa bat, aberastasunaren kontzentrazio bat, gertatu da, kontratu soziala bera auzitan jartzen ari dena”, eta hori zuzendu ezean, “zerbitzu publikoak indartzeko egin daitezkeen esfortzu presupuestarioak hankamotz geldituko dira”.

Azaldu duenez, azken urteotan aberastasuna esku gutxitan kontzentratu da, batetik, “fiskalitatearen bidez, kapital eta lan errentak banatu zirelako, eta hori zuzendu behar da”; bestetik, aberastasunaren kontzentrazio hori “etxebizitza merkatuan ere gertatu da, errenta baxuetatik etxe-jabeenganako errenta transferentzia bat gertatu baita, nabarmen”. Hala, erantsi du, “ekonomia rentista bat sortu da, etxebizitza politika neurri handi batean merkatuaren esku utzi delako, eta hori ere zuzendu beharrekoa da; beraz, etxebizitza merkatuan esku hartzera bideratutako politika publikoak behar dira”.

Halaber, errenten banaketa zuzentzeak lan merkatuari begiratzea ere eskatzen du, Otxandianoren ustez: “Lan merkatuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata propio batez serio hitz egiten hasi behar da”.

Ondorioztatu duenez, “halako politika publikoak mahai gainean jartzen ez badira, zerbitzu publikoak indartzeko egin daitezkeen esfortzu presupuestarioak hankamotz geldituko dira”.