Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan elkarrizketatu dute gaur EH Bilduko Idazkari Nagusi Arnaldo Otegi. Estatus politikoaren inguruko akordioa izan dute mintzagai elkarrizketaren lehen zatian. «Askatasun nazionalean urratsak egiteko eta nazio aitortza lortzeko momentua orain da, eta aprobetxatu egin behar dugu. Zuhurtzia bai, baina anbizio nazionala ere behar da momentu politiko honetan. Orain dago aukera. Ez dugu denbora mugagabea», adierazi du Otegik. Halaber, esan duenez, «Euskal Herrian akordio ahalik eta zabalena sustatzeko gai izan beharko ginateke norbere esparruak errespetatuz. Hori da lehen urratsa herri gisa ditugun erronkei erantzuteko. Euskal Herria nazio bat da. Hortik abiatuta, bidea egitea dagokigu». «Mehatxu eta arriskuen aurrean, babes sare bat eraiki behar dugu Euskal Herriaren luze zabalean nazio izaera, gure kultura eta euskara babesteko. Burujabetzaren eztabaida zazpi lurraldeetan ematen ari da, euskal herritarren arazoei aurre egiteko tresnak behar ditugulako», nabarmendu du nazioarteko egoera ezegonkorrari begira.