AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-09-02

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Naiz Irratian elkarrizketatu dute. Osasun itunaren inguruan galdetuta, «hemen badira politika batzuk egoera honetara ekarri gaituztenak» adierazi du. «Duela hilabete batzuk Urkulluk esaten zuen hemen bazela konspirazioa, EH Bilduk zuzendua. Orain aldaketa formala etorri da. EH Bilduk aspaldi planteatutako esparrua sortu da, formula parte-hartzaile eta demokratikoagoa. Orain arteko politika publikoekin ezin da egoera aldatu. Mamira joan behar da eta gu horretara joango gara, ekarpen positiboak eginez».

Pradales Lehendakariak abian jarritako akordio etikoari buruz, Otegiren hitzetan, «krispaziotik atera behar dela euskal politikagintza esaten denean, kontuan izan behar da hemen ez dago horrelako egoerarik. Etikaren inguruko eztabaida planteatu da eta guk gure ekarpenak egingo dizkiogu. Bata besteari eragozteko ez bada erabiltzen, baliagarria izan daiteke».

Nafarroako egoera politikoa ere hizpide izan dute elkarrizketan. Aurrekontuen eztabaidari ekingo diote aurki bertan eta EH Bilduko koordinatzailearen esanetan konpromisoz eta arduraz helduko dio koalizioak gaiari. «Nafarroan gure beharra dute gobernatzeko. Halabeharrez gurekin kontatu behar dute. Aurrekontuei dagokionez, guretzat eztabaida hori oso inportantea da. Guk jendeak dituen eskubideak eta betebeharrak asetzea izango dugu lehentasun».

Estatus politikoaren eztabaida izango da kurtso berri honetako beste gakoetako bat. «Urte politiko honetan aurrerapausoak egon daitezke aitortza nazionalaren esparruan. Lehen urratsa da euskal herritarrak gure artean ados jartzea, zeresanik ez abertzaleen artean. Gero beste sektore batzuei ireki, gero estatuekin negoziatzeko. Aurrera urratsak egongo dira arlo nazionalean, ikusiko da noraino heltzen den», adierazi du harira Otegik. 

EH Bilduk gainera kongresua ospatuko du kurtso politiko honetan eta Otegik berretsi du bere hautagaitza mantenduko duela koordinatzaile nagusi izaten jarraitzeko. «Proiektu nazionala erdigunean jarriko dugu, alternatiba garela erakutsiko dugu eta belaunaldi berriek ardura politikoeran lekua hartzen dutela ikusiko da. Ospakizuna ere izan behar».