EH Bilduk lan bilera egin du bere alkateekin, gaur goizean, Iruñean, urte politikoko erronkak eta lan-ildoak zehaztu eta adosteko. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean. Haren esanetan, Euskal Herriaren eboluzio politikoan, badira bi faktore determinatzaileak direnak: politika neoliberalen porrota eta eredu autonomikoaren porrota. «Kapitalismoak eraman gaitu segurtasunik gabeko planeta batera. Ez du ezer konpondu: ez etxebizitza, ez hezkuntza. Horregatik guk politika anti-neoliberal eta sozialak aktibatuko ditugu, herritarrak erdian jarriz», adierazi du. Bestalde, Otegiren ustez, «eredu autonomikoak ez dio beharrezko bitartekorik ematen herrialde eta nazio gisa ditugun arazoei aurre egiteko».
Horren aurrean, historian zehar udalgintzak jokatu duen paper garrantzitsua aldarrikatu du Otegik. «Gure historian zehar garrantzia handia izan du udalgintzak eta datozen urteetan ere badute zeregin nagusi bat: udaletatik gure askatasun nazionala defendatzea», esan du. «Gure alkateek herritarren interesak erdigunean jartzen dituzten politika publikoak jartzen dituzte mahai gainean. Identitate-obsesio handiak ditugu, bai, hala nola etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta zaintza. Hego Euskal Herri osoan aurrekontuen eztabaidari ekiten diogunean, gure alkateek, argi izango dute baliabide publikoak non inbertitu», nabarmendu du koordinatzaile nagusiak.