Gaur goizean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia elkarrizketatu dute Radio Popular - Herri Irratian. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuetarako akordio orokor baterako egindako proposamenari buruz galdetu diote. «EAJk eta PSEk jarrera itxia izan dute, Gipuzkoan eta Araban gehiengorik ez dutenean. Gure proposamena geratzeko etorri da, akats bat baita aurrekontuak partzialki eta interes alderdikoiarekin negoziatzea», nabarmendu du Otegik.
Koordinatzaileak gaineratu duenez, «EH Bildu gauzak aldatzera etorri da politikara. Herri honentzat garrantzitsuak diren eztabaidak irekitzeko aukera izatea ez da zirkunstantziala. Gai batzuk interes alderdikoien aurretik jartzeko bezain garrantzitsuak dira».
Bankuen eta energiaren gaineko zerga egonkortzeko beharrari erantzunez, Otegik baieztatu du EH Bilduk «politika sozialari buruzko gaiak» jorratuko dituela. «Modu egonkorrean eutsi behar zaio energetikoen gaineko zergari. Enpresek xantaia egitea, etekin errekorrak lortzen dituzten bitartean, ez da onartu behar. Herriaren interesa gailendu behar da», esan du.
Estatus politikoari buruzko eztabaidari dagokionez, Otegik galdetu du ea «euskal herritarrok badugun nahikoa tresna burujabe erronka berriei aurre egiteko», eta, ildo horretan, gaineratu du «estatus berriak balio behar du herrialdeari beste politika publiko batzuk egiteko tresnak emateko eta bere nortasun nazionala indartzeko. Jauzi kualitatiboa eman behar dugu».