AKTUALITATEA

| 2023-05-17
Ekitaldi politikoa egindu EH Bilduk, gaur arratsaldean, Santurtziko Gernika parkean. Arkaitz Rodriguezek, Iker Casanovak eta Miren Matanzasek hartu dute hitza.
 
Arkaitz Rodriguez: “Zer nolako abertzalea da Feijoo, Cuca Gamarra eta Ayusoren PPren lausenguak jasotzen dituena?”
 
Bakar batzuek eztabaida lokatzetara eraman dute. Eztabaida irainengatik ordezkatu dute. Eta are larriagoa dena: betiko komodina baliatu dute, halako moldez, ezen PPko Feijook eta Cuca Gamarrak zoriondu egin baitituzte. Eta nire buruari galdetzen diot: Zer nolako abertzalea da Feijoo, Cuca Gamarra eta Ayusoren PPren lausenguak jasotzen dituena? Zer arduragabekeria maila lortu behar izan dute gu legez kanpo uzteko mehatxua egiten dutenek lausengatu eta zakartu ditzaten? Erantzukizun garaia da, eta zuei falta zaizuela dirudiena, ezker independentistak soberan du! Jaun-andreok: lehenengo aberria, eta gero alderdia! Lehenengo aberria, eta gero alderdia! Eta aberria ez da eraikitzen PP eta Vox-en aurrean amore emanez; aberria eraikitzen da Euskal Herriaren eta euskal herritarren interesak defendatuz!
 
Guztiarekin, beste behin ere, argi gelditu da zein ari den aurrera urratsak egiten, eta zeinek jarraitzen duen iraganeko errotondari bueltak ematen. Batzuek lubakiak egiten jarraitzen dute, guk zubiak eraikitzen jarraituko dugu. Batzuek errelatoaren borrokan jarraitzen dute, gu bizikidetzaren eta bakearen eraikuntzan gaude eta egongo gara. Gu herri honi zor gatzaizkiolako. Herri honek etorkizunari begiratu nahi diolako, eta ez iraganari. Eta herri honek munduko eskubide osoa duelako bakean eta askatasunean bizitzeko.
 
Iker Casanova: “M-28tik aurrera EH Bildu inoiz baino indartsuagoa izango da, eta Bizkaiarentzat ezkerreko alternatiba izango da”
 
Maiatzaren 28tik aurrera, Bizkaiko indar politikoen korrelazioa desberdina izango da, inoiz baino indartsuagoa izango den EH Bildu bat egongo da, lurralde honetarako ezkerreko alternatiba bat ordezkatuko duena. Izan ere, metropoli eremuan, Ezkerraldean eta Santurtzin inoizko emaitzarik onenak izango ditu EH Bilduk.
 
Bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, EH Bilduk egiten duen babes-proposamenak eta herritarren beharrak erdigunean jartzeak bat egiten duelako Bizkaiko eskualde zigortuenen, pobretuenen eta abandonatuenen errealitate sozioekonomikoarekin, Ezkerraldearekin, alegia.
 
Bigarrenik, industriaren aldeko gure apustuak, industria banatua eta herrialdeko eremu guztietara iristen dena, Ezkerraldea berriz bultzatzea proposatzen duelako, Ezkerralderako alternatibak ematea proposatzen du, Ezkerraldea Gara prozesuko Ezkerraldea 2030 dokumentuan islatzen dugun bezala. Dokumentu horretan, 120 proposamen baino gehiago jarri genituen mahai gainean Ezkerraldeko dinamismo ekonomikoa berreskuratzeko eta bere behar sozialak konpontzearen alde egiteko.
 
 
Miren Matanzas: “Guztion parte-hartzearekin merezi dugun Santurtzi eraiki nahi dugu”
 
EH Bilduk Santurtzi justu eta solidarioa nahi du, pertsona eta auzo guztiak berdinak izango diren Santurtzi, beren eskubide eta behar guztiekin. Santurtzi feminista eta ekologista, klima aldaketaren aurka bere aletxoa jartzen duena. Gazteei lan-prekarietateari aurre egiten eta gurasoen etxea uzten lagunduko dien Santurtzi,  beren bizi-proiektua hasteko dituzten zailtasun handien aurrean. Adinekoak zainduko dituen Santurtzi, zor diegun duintasun guztiarekin bizi daitezen. Eta Santurtzi euskalduna.
 
Merezi dugun Santurtzi eraiki nahi dugu santurtziar guztion parte-hartzearekin, kirol eta kultur elkarteekin eta auzo-mugimenduarekin batera lan eginez.
 
Horregatik, mezu bat bidali nahi diet herrikide guztiei: Santurtzik aurrerapauso bat eman behar duela uste baduzue, munduko apaltasun guztiarekin, hemen dituzue EH Bilduren taldea eta proiektua, eta hemen nauzue ni, Santurtziren alde dudan onena emateko prest!