AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-10

Ekitaldia egin du EH Bilduk, gaur arratsaldean, Sestaon. Bertan parte hartu du Laura Vilagra Kataluniako Generalitateko presidenteordeak. Vilagrarekin batera izan dira Ima Garrastatxu Bizkaiko zerrendaburua eta Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako hautagaia.

Arkaitz Rodriguezek adierazi du hurrengo apirilaren 21eko hauteskundeetan bi aukeren artean hautatu beharko dela: «errotonda autonomistaren inguruan bueltak ematen jarraitu edo burujabetzaren bidean urrats irmoak eman». Halaber, ezkerreko independentisten unea iritsi dela nabarmendu du, «bi ideia hiltzatu behar ditugu buruan: aldaketa posible da eta aldaketa da orain. Gure momentua delako. Egingo dugu Araban, egingo dugu Gipuzkoan eta egingo dugu Bizkaian ere».

Bizkaiko zerrendaburu den Ima Garrastatxuk herrietan eta kaleetan sentitzen den ilusioa izan du hizpide eta esker oneko hitzak izan ditu Sestaoko herritarrentzat ere, bere amaren familia bertakoa dela gogoraraziz eta horrek bere izatean izan duen eragin positiboa nabarmenduz. «Bultzada berri bat, ilusio berri bat zabaltzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldaketa, beharrezkoa izateaz gain, geldiezina da», esan du. 

Laura Vilagrak bere aldetik, gogora ekarri du ezker soberanisten elkarlanerako konpromisoa, Europako hauteskundeetan ere mantenduko dena, Orain Errepublikak koalizioaren baitan aurkeztuko baitira ERC, EH Bildu eta BNG, besteak beste. «ERCk eta EH Bilduk anbizio berdina daukagu gure nazioari eta gure gizartearen ongizateari loturiko gaietan. ERC edo EH Bilduri botoa ematen zaionean, ez da beharrezkoa politika sozialen edo nazionalen artean aukeratzea. Bi bideak defendatzen ditugulako, txanpo bakarraren bi aldeak direlako. Egin dugu, egiten jarraituko dugu Katalunian, eta Euskal Herrian ere, EH Bilduk egingo du». 


​