AKTUALITATEA

| 2020-03-17

Korobanirusak eragindako krisialdiaren aurrean, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko diputatuek ez dute parte hartuko bihar Pedro Sanchezek alarma egoerari buruz azalpenak emateko Kongresuan egingo duen ezohiko agerraldian.

Zentzuzkoena, logikoena eta politikoki arduratsuena bihar Madrilera ez joatea dela erabaki du ezker subiranisten koalizioak, arriskuak saihesteko eta Madrilera joateko baldintzak betetzen ez direla iritzita. Krisialdi momentu honetan lehentasun bakarra herritarren osasuna babestea dela uste du EH Bilduk beste ezeren gainetik. Arduragatik eta osasun eta segurtasun irizpideei jarraiki, EH Bilduk ez du parte hartuko Espainiako Gobernuko presidentearen biharko ezohiko agerraldian, konfinamendu osoa eskatzeko asteotan erakutsitako jarrerarekin bat eginez.

Atzo arratsaldean, Pedro Sanchezekin bideokonferentzia bidez 20 minutuz eginiko bileran, langile, autonomo eta enpresa txikiak babesteko presazko neurriak galdegin zizkion EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Espainiako Gobernuko presidenteari. Osasun, ekonomia, gizarte eta politika arloetan, koronabirusak eragindako krisialdiari buruzko gogoetak Pedro Sanchezi helarazteko aukera izan zuen Aizpuruak.

EH Bilduk hasieratik ohartarazi du osasun krisi baten aurrean egoteaz gain, arlo ekonomia eta sozialean ere ondorio latzak izango dituela. «Argi dago erabateko lehentasuna birusaren hedapena gelditzea dela, eta ahalegin guztiek helburu horretara zuzenduta egon behar dutela. Baina ez ditugu alde batera utzi behar osasun-krisi larri honek eragindako ondorio sozial eta ekonomikoak. Estrategia integral bat ezinbestekoa da krisialdi honi aurre egiteko», adierazi du ezkerreko indar subiranisten koalizioak.

Pandemia zabaldu zenetik, birusaren hedapenari aurre egiteko neurri zorrotzak hartu behar direla proposatu du EH Bilduk, Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatu bezala eta Txina eta Italia bezalako herrialdeetan egin bezala. Berandu esku hartu izana arbuiatu du EH Bilduk: «Ez da denbora gehiago galdu behar, ez Euskal Herrian ezta beste inon ere».
 

Konfinamendu osoa eta enpresen jarduera etetea

EH Bilduk duela astebete baino gehiago proposatu zuen hartzen diren neurri guztiek konfinamendu eta zigilatze osoa jaso behar dutela ezinbestean, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak bertan behera uzteaz gain. Era berean, EAEko kanpaina eta hauteskundeak bertan behera uzteko beharra adierazi genuen, herritarren osasuna bermatu arte hauteskundeek inolako zentzurik ez zutela iritzita.

Aizpuruak, halaber, Espainiako presidenteari kezkaz adierazi dio koronabirusaren krisiak luze joko duela eta «ondorio larriak» berriro ere betikoen bizkar uzteko arriskua dagoela. «Langileek ezin dute ordaindu krisi hau beren osasunarekin eta ekonomiarekin. Ez dugu onartuko krisi hau gure langile, emakume, pentsiodun, autonomo edo enpresari txikien bizkar gainean uztea. Gehien dutenek ekarpen handiagoa egin beharko lukete horrelako egoeren aurrean», eskatu du Aizpuruak.

Horren harira, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ohartarazi du premiazko neurri ekonomikoak hartu behar direla kaleratze arriskuan dauden langileei eta merkatari txikiei sostengua emateko. Aizpuruak ezinbestekotzat jo du segurtasunez eta babes juridikoz hornitzea sektore ahulenen interesak (langile eta pentsiodunak, besteak beste), eta horien eskubideak babestera bideratutako neurriak galdegin ditu.

Pedro Sanchezekin bilera

Era berean, EH Bilduk Espainiako presidenteari adierazi dio ez dagoela batere konforme alarma egoeraren instrumentalizazioarekin, eta soilik euskal erakundeei dagozkien eskumenak bere egitea eta birzentralizatzea gaitzetsi du. «Euskal Herria ez da adingabea, eta ez du inoren tutoretza behar bere energia komunitario guztiak zabaldu ahal izateko osasun krisi honi aurre egiteko», salatu du Aizpuruak, eta gaineratu: «Gogoeta hori ez da oztopo gure erabaki-esparru subiranoa Estatuko zein nazioarteko gainerako erakundeekin koordinatuta eta lankidetzan jarri behar den eremu gisa ulertzeko».

Pandemia horri aurre egiteko beharrezkoak diren informazio eta hausnarketak partekatzen jarraitzeko Espainiako Gobernuko presidenteak erakutsitako tonua eta jarrera eskertu ditu EH Bilduk. «Bide horretan aurkituko dute gure lankidetza eta elkarlana, baina aldi berean gure subiranotasunaren aldeko jarrera irmoa mantenduko dugu», azpimarratu du.

Ezkerreko indar subiranistak elkartasuna eta babesa adierazi die Katalunia, Galizia edo Kanarietako nazioei, eta bereziki osasun krisi larri honen ondorioak gogor jasaten ari den Madrilgo herriari. «Espainiako Estatu osora eta pandemia honen eraginpean dauden gainerako herrietara zabaltzen dugu elkartasun mezu hau».