AKTUALITATEA

| 2026-04-08

EH Bilduk modu positiboan baloratzen du AEBen eta Iranen arteko su-etena, eta espero du eskualde osora zabaltzea, Palestina eta Libano barne, non Israelgo armadak biztanleria zibila erasotzen jarraitzen duen.

Negoziazioak abiatzea albiste ona da, zalantzarik gabe, baina, EH Bilduren iritziz, Trumpek iragarritako su-etena ez da bakerako bermea, eta nazioarteko komunitatearen babesa beharko du. EH Bilduk Pakistanen eta Txinaren papera aitortu nahi du akordio hori lortu ahal izateko.

Testuinguru horretan, Europar Batasunaren isiltasunak agerian uzten ditu, berriro ere, europar proiektuaren ahultasuna eta AEBetako militarismoaren eta gero eta gehiago zalantzan jartzen den NATOren jarraipen itsua.

Munduaren eta Europaren etorkizunak ezin du jarraitu arma nuklearren erabilerarekin mehatxu egitera ausartzen den administrazio estatubatuar arduragabe eta arriskutsu baten eskuetan.

Mundu multipolar baten aldeko konpromisoa berresten dugu, arauetan eta nazioarteko zuzenbidean oinarritua, herrien burujabetza errespetatuko duena. Gatazken konponbidea diplomaziaren eta negoziazioaren eskutik baino ezin da etorri. Zentzu horretan, datorren apirilaren 25ean Donostian ‘Gernika-Palestina’ plataformak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.