AKTUALITATEA

| 2019-12-04

Agerraldia egin du, gaur goizean, Jasone Agirre legebiltzarkideak, Euskal Errepublikaren alde abenduaren 6an EH Bilduk Bilbon egingo duen manifestazioa iragartzeko. Agerraldian erabilitako testua uzten dizuegu hemen:

“Beste urte batez, Euskal Errepublika aldarrikatzeko abenduaren 6an Bilboko kaleetan egingo dugun manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu bidezko jendarte aurreratuen eraikuntzarako printzipio demokratikoetan sinesten duten euskal herritarrak.

Data esanguratsuan egingo da manifestazioa. Batzuk Espainiako Konstituzioaren urteurrena ospatzen ari diren bitartean, Bilboko kaleetara irteteko deia egiten diegu euskal herritarrei, argi eta ozen adierazi dezaten euskal gizartearen zati handi batek ez duela bere burua ordezkatua ikusten konstituzio horretan; konstituzio hori gure ametsak eta nahiak gauzatzeko muga baino ez dela esateko Bilboko kaleetara irteteko deia egiten diegu.

Herritar gisa gure etorkizuna zein izango den erabakitzeko eskubidea daukagu euskal herritarrok. Antolatzeko eta, inoren menpe egon gabe, erabakiak gure kabuz hartzeko eskubidea daukagu. Pertsona eta herri bezala aurrera egiteko eskubidea daukagu. Hobeto bizitzeko eskubidea daukagu. Eta Espainiako Konstituzioa da hori ez egiteko parean daukagun horma. Ez digulako erabakitzen uzten eta gure erabakitzeko gaitasunari eta autogobernuari mugak ezartzen dizkiolako.

Herri eta pertsina bezala aurrera egiteko, Euskal Errepublika nahi eta behar dugu. Gure jendea babesteko eta zaintzeko. Hobeto bizitzeko, Euskal Errepublika nahi eta behar dugu. Inboluzioaren bidea hartu duen eta era guztietako murrizketak baino eskaintzen ez dizkigun Espainiako Estatuaren aurrean, zaindu eta babestuko gaituen Euskal Estatua behar dugu inoiz baino gehiago.

Aurten inoiz baino arrazoi gehiago ditugu Bilboko kaleetara irten eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Espainiako ultraeskuina hazita dago, eta behin eta berriro errepikatzen ditu Espainiako Estatuko herri zaharrei zuzendutako mehatxuak. Frankismoa eta bere baloreak oso presente daude eta Madrilgo jardun politikoa baldintzatzen dute. Euskaldunok ondo dakigu zer esan nahi duen horrek eta izango dituen ondorioak.

Logika horretan ulertzen dugu Espainiako Konstituzioaren defentsan guk manifestazioa daukagun ordu berean Bilboko Arriaga plazan egingo duten ekitaldia. Espainiako eskuinaren ordezkariek deitu dute Arriaga plazako ekitaldia, eta bertan parte hartuko dute Espainiako “demokraziaren” defendatzaile sutsu batzuk: Cayetana Alvarez de Toledo, Rosa Diez, Fernando Savater eta Arcadi Espada.

Espainiako eskuina eta ultraeskuina konturatu dira Espainiako Estatuaren eredua krisian dagoela, 78ko erregimena eta Autonomien Estatua apurka-apurka hondoratzen ari direla. Badakite Euskal Herrian eta Katalunian gero eta gehiago garela Espainiako Estatutik kanpo bakarrik lortiko dugula herri eta herritar bezala aurrera egitea eta bizi proiektu duinak gauzatzea. Horregatik datoz Bilbora abenduaren 6an. Beraien Espainiak etorkizunik ez duela ikusten dutelako datoz, Euskal Errepublika eta Kataluniako Errepublika milioika herritarrentzat itxaropena bihurtu direla konturatu direlako datoz.

Abenduaren 6an Bilboko kaleak betetzeko deia egiten diegu euskal herritarrei. Ostiralean bete ditzagun Bilboko kaleak, Cayetana Alvarez de Toledo, Rosa Diez, Fernando Savater, Arcadi Espada eta enparauei eta ordezkatzen duten Espainiako ultraeskuinari mezu argi bat helarazteko: gure herrian, Euskal Herrian, gehiengoa gara gure etorkizuna erabaki nahi dugunak, gehiengoa gara demokrazian eta askatasunean bizi nahi dugunak, gehiengoa gara zaindu eta babestuko gaituen Euskal Errepublikan bizi nahi dugunak, gehiengoa gara etengabe mehatxatzen gaituen Espainiako Estatuarekin loturarik izan gabe hobeto bizi nahi dugunak”.