AKTUALITATEA

| 2024-12-23

Kongresu urtean sartua dago EH Bildu, eta dagoeneko prozesuaren erdia baino gehiago egin du. Aurreko astean eztabaidatu eta bozkatu ziren Mahai Politikoak aurkeztutako Ponentzia Politikoari egindako emendakinak. Orain, Zuzendaritzako kideen osaketa bozkatzea eta otsailaren 8an Iruñean egingo den ekitaldia baino ez dira falta. “Orain arte egindako bidearen balantzea oso positiboa da”, esan dute Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak eta Unai Urruzuno politika instituzionaleko arduradunak, biak ala biak EH Bilduren III. Kongresuko bozeramaileak.

Joan den irailaren 21ean Donostiako Tabakaleran egindako Konferentzia Politikoarekin abiatu zuen EH Bilduk bere III. Kongresua. Bertan, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak esan zuen EH Bilduren Kongresua ez dela “ariketa autokonplazientea” izango. "Anbizioarekin egindako proposamenak aurkeztuko ditugu eta gobernu alternatiba garela eta estatu bokazioa duen mugimendua dela erakutsiko dugu. Inportanteena da ez sigla, inportanteena herria da. Gu tresna bat baino ez gara. Ahalik eta zabalena eta eraginkorrena izan behar da gure mugimendua", nabarmendu zuen.

Azken hilabete hauetako prozesuan egiteko nagusia Ponentzia Politikoa prestatu, aurkeztu, eztabaidatu eta onartzea izan da. Miren Zabaletak esan duenez, “ahalegin berezia” egin da Zuzendaritzaren aldetik Ponentzia Politikoaren edukiak gizarteratzeko. Izan ere, 200 herri batzar baino gehiago egin dira, Ponentzia Politikoa azaldu eta bilkideen ekarpenak aurrez-aurre jasotzeko. “Mahai Politikoko kideak izan gara azalpenak ematen eta Ponentzia aurkezten. Baina meritua ez da gurea. Herriz-herri ditugun egituren meritua da hori guztia”, esan du Zabaletak. “Zein eragile politikok egin ditzake gaur egun Euskal Herrian hainbeste herri batzar?”, gaineratu du Urruzunok. Era berean, gogora ekarri du kongresu prozesua aurrera ateratzearekin batera bere eguneroko jardun politikoari eutsi diola EH Bilduk, horrek dakarren ahalegin guztiarekin.

Aurreko kongresu prozesuetan baino herri batzar gehiago egin direla nabarmendu du Zabaletak, eta horrek bilkideen parte-hartzea handiagoa izatea ekarri duela. Parte-hartzea handia izan arren, “tentsionamendurik ez” dela ikusi aipatu du. Zabaletaren esanetan, “adostasun eta kohesio handia izan dira Kongresuaren prozesu osoan. Ponentzia Politikoari aurkeztutako emendakinetan, esaterako, agerian geratu da helburua Ponentzia bera aberastea zela. Tesian adostasun handia egon da”. Horren guztiaren arrazoia azaldu du Urruzunok: “Une gozoan gaude. Azken urte hauetan egindako bidea baloratu dute bilkideek”.

Otsailak 8ko ekitaldia, Iruñean

Behin Ponentzia Politikoa eta horri aurkeztutako emendakinak eztabaidatuta eta bozkatuta, Zuzendaritzako kideak nortzuk izango diren erabakitzea baino ez da falta. Otsailaren 6an, 7an eta 8an egingo da hori, modu telematikoan. Zabaletak eta Urruzunok azaldu dutenez, otsailaren 8an Iruñeko Baluarten egingo den ekitaldian jakinaraziko dira emaitzak. Ostiral eta larunbaterako (otsailak 7 eta 8)  egitarau zabala prestatzen ari da EH Bildu bere III. Kongresua ixteko. “Ebento handia izatea nahi dugu. EH Bilduren komunitatearentzat elkargunea izatea nahi dugu. Gure ibilbidea ospatzeko ekitaldia izango da”, adierazi du Zabaletak. Modu horretara, bilkideak eta EH Bilduren inguruan mugitzen diren herritar oro Iruñean egiteko deia eta gonbita egin du. Iruñean gertatuko denaz zehaztasun handirik ez dute eman Zabaletak eta Urruzunok, baina bai aurreratu dute nazioarteko ordezkaritza zabala izango dela bertan.