Justizia fiskala, progresibitatea eta ongizate soziala. Hiru printzipio horiek gidatu beharko lukete edozein alderdiren jardun politikoa erakunde publikoek gizarte-kohesio maila handiagoak lor ditzaten. Eta hori aberastasuna birbanatuz bakarrik lortzen da. Gehien daukanak gehiago ordainduz. Diru gehien dutenen partetik gehiago biltzeko politika fiskalak aplikatuz. Sinplea eta zentzuzkoa da.
Mandatu horrekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta bide horretan lanean jarraitzen dugu. Politikan printzipioak defendatzeko baikaude, ez enpresa handien interesak. Langile klasearekin eta jendearekin gogor aritzea Repsolekin eta enpresa energetikoekin ahul jokatzeko ez da aurkezpen-txartelik onena. Zintzotasun eta ausardia handirik ere ez du adierazten.
Eta aberastasuna birbanatzeaz ari garenean, aberastasun hori dagoen iturrietara joan behar da. Errealitatearen printzipioari jarraituz, azken hilabeteetako energia enpresen irabaziak mahai gainean jartzea ezinbestekoa da: 7700 milioi euroko mozkinak metatzen dituzte 2024. urteko lehen seihilekoan; 7700 milioi euro sei hilabetetan. Erraz esaten da, seguruenik kontatzea askoz denbora gehiago kostatzen da.
Testuinguru horretan, bada planteatzen duenik energetikak mimatu eta zaindu egin behar direla, Josu Jon Imaz bezalako CEOei entzun egin behar zaiela, kasu egin behar zaiela (duela gutxi EAJren BBBko presidenteak ziurtatu zuen bezala) eta, ia esango nuke, obeditu egin behar zaiela.
Inoizko irabazi handienak
Gure ustez, hori ez da bide zuzena, herritarren pertzepzioa aldatzeaz gain, politikaren izen ona galtzera garamatzalako. Izan ere, nola azalduko diegu administrazio publikoak eskuzabalak eta otzanak izan behar dutela milioi askoko irabaziak dituztenekin, gizartearen gehiengoak zailtasunak dituenean hilaren amaierara iristeko?
Urtarrilaren 1etik dago energetiken irabazien gaineko zerga indarrean, EH Bilduk hala bultzatu, eskatu eta gobernuarekin adostuta, 2025. urtean zehar luzatzeko. Negoziazioetan, gainera, zerga bihurtzea lortu dugu, euskal ogasunek kudea eta bil dezaten gure zerga-subiranotasunaren esparruan.
EAJk aitzakiak alde batera utzi eta dekretu energetikoa babestu behar du asteazkeneko bozketa erabakigarrian. Bestela, Repsolen eta energetikoen presio, mehatxu eta xantaiei berriro men egiten badie haien dagokiena ordaintzetik libratzeko, kaltetu nagusiak euskal herritarrak eta zerbitzu publikoak izango dira zuzenean.
100 milioiko zuloa
EAJk zerga mantentzearen aurka bozkatzen badu, zulo bat eragingo du euskal erakundeen diru-sarreretan, ez bakarrik Eusko Jaurlaritzarenean, baita Nafarroako Gobernuarenean ere. Guztira, 100 milioi euro baino gehiago dira. Erabaki horrek, beraz, eragin zuzena izango du zerbitzu publikoen kalitatean eta herritarren ongizatean.
Nola estaliko dute 100 milioi eurotik gorako zuloa zergak indarrean jarraitzen ez badu? Nola azalduko diete herritarrei haien aurrekontuetan aurreikusitako diru-sarrerei uko egingo dietela? Nondik murriztuko dituzte 100 milioi horiek utziko duten zuloa betetzeko? Nori kenduko diote?
Repsolek agintzen eta erabakitzen duen guztia egiteak, EAEn egoitza fiskalik ere ez duen enpresa bat izanda, autogobernua higatzea dakar, bere defentsa esklusiboa egiten dutenen aldetik gainera. Zein obedientzia burujabe zor diogu gure lurraldean errotuta ere ez dagoen enpresa bati?
Zergatik zen EAJ energia enpresei zerga bat aplikatzearen aldekoa, eta hala erakutsi zuen bere aldeko botoarekin 2022an, eta orain hain uzkur agertzen da? Zer aldatu da ordutik? Aldatu den gauza bakarra da energetikek etengabe gizendu dituztela haien kontuak. Eta politikaren norabidea aldatu nahi badute, erraza dute: hauteskundeetara aurkeztea.
Euskal Ogasunek 100 milioi euro galtzea eragingo du EAJk, Repsoli eta energia enpresei dirua aurrezteko. Euskal gizarteari azaldu beharko dizkiote erabaki horren arrazoiak. Argi eta garbi. Zuzentzeko eta iritziz aldatzeko garaiz daude. EH Bildu ez da energetiken agindu, mehatxu eta xantaien aurrean makurtuko.