AKTUALITATEA


| 2020-05-15 22:21:00

Atzo maiatzaren 14an, gure herrian agertutako pintaden aurrean, Sopelako EH Bilduk erabateko desadostasuna adierazi nahi du. Mota honetako ekintzak lekuz kanpo daude. Ezkertiar eta independentistok hartutako bidearekin ez datoz bat, eta gure estrategiatik kanpo kokatzen diren ekintzak dira.

Pintada hauek Murciako-II kartzelan gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz presoaren testuinguruan egin dira. Maiatzaren 9, Covid-19aren krisia dela-eta, hainbat presok elkarretaratzea egin zuten kartzela honetan izandako eskubide murrizketak salatzeko. Elkarretaratzean parte hartu ondoren kartzelako zenbait arduradunek mehatxatu egin omen zuten Patxi Ruiz.

Patxi Ruizek eta beste hainbat euskal presok bizi duten egoera, dena delakoa izanda, gainditu beharrekoa daPNV, ERC, Junts per Catalunya, EH Bildu, Más País, CUP, BNG eta Compromís alderdi politikoek adierazi duten bezala, askatasunik gabeko pertsonen eskubide eskubideak errespetatzearen aldeko manifestuan.

Bizikidetzaren bide horretan sakondu ahal izateko, denon parte hartzea eta elkarrekin pausuak ematea beharrezkoa da eta horretarako, Sopelan izandako pintaketek ez dute laguntzen helburu hori lortzeko. EH Bilduk, berriro ere, bizikidetza eta normalizazio politikoaren alde lanean elkarrekin jarraitzeko borondatea eta konpromisoa berresten du, pertsona guztien eskubide guztien urraketak desagertu arte, preso politikoena barne.