AKTUALITATEA


| 2026-08-24 13:43:00

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak onartu egin du Sopelako Udalak egindako eskaera gure udalerria tentsio handiko eremua izendatzeko, horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen direlako.

Erabaki garrantzitsua

Udalerri edo zonalde bat “tentsio handiko eremua” izendatua izateak esan nahi du, besteak beste, etxebizitzen prezio altuen aurrean, errentan jartzen diren etxebizitzen prezioa mugatu daitekeela. Sopelako  “tentsio handiko eremu” honen onarpena Abuztuaren 14ko EHAAn agertu zen eta BOEn agertuko denean jarriko da indarrean. Berria, jadanik, hainbat komunikabidetan agertu da, tartean, zabalkunde handiko egunkarietan eta EITBn. Berri garrantzitsua eta pozgarria.

Orain denok pozik, baina memoria dugu…

Orain alderdi politiko guztiek txalotu dute erabaki hau, baina ez da ahaztu behar 2023an EHBilduk Sopela “tentsio handiko eremua” izendatzeko mozioa aurkeztu zuela, eta 2023ko maiatzaren 25eko osoko bilkuran EAJk eta PSEk aurka bozkatu zutela. PSEk, teorian adierazpenaren alde bazegoen ere, EAJren jarraipen hutsa egin zuen.  Momentu honetan, tentsio handiko eremuaren izendapenak Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailaren lehentasunen artean daude.

EAJren kritikak eskertzen ditugu

EAJk, bere azken aldizkarian, berriro kritikatu du EHBildu, oraingo honetan EHBilduren  etxebizitza-politikagatik; eta, benetan, zintzoki eskertzen ditugu kritika horiek, erakusten baitute helburu guztiz desberdinak ditugula. Sopelan, EAJren gobernantza-urteetan dentsidate gutxiko etxebizitzak bultzatu dira lur urbanizagarriak xahutuz eta babes ofizialeko zero etxebizitza bultzatuz. EHBilduk alkatetzan daramatzan legegintzaldiko hiru urte hauetan, (1) “tentsio handiko eremua” izendapenaz gain, (2) lankidetza-hitzarmena bultzatu da ALOKABIDErekin etxebizitza hutsak mobilizatzeko; (3) erreforma fiskala gauzatu da, OHZn % 150eko errekargua ezarri zaie etxebizitza hutsei eta % 99ko hobariak alokairu-programa publikoei lagatzen zaizkienei; (4) lonjak etxebizitza bihurtzeko araudia, etxebizitza horiek eskuratzeko baldintza ekonomikoak Babes Publikoko Etxebizitzetarako ezarritakoak bezalakoak direla ziurtatuz; (5) etxebizitza turistikoak kontrolatzeko azterlan bat, araudi batean amaituko dena; (6) Alokairu sozialeko lehen 57 etxebizitzak (24 Loiolan eta 33 Asun) eraikitzen amaitu, une honetan Eusko Jaurlaritzak egin beharreko zozketaren zain daudenak… Halaber, (7) Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria bultzatu da lehentasuna emanez etxebizitza publikoak eraiki izateari, espero dugu HAPOa hurrengo legegintzaldian amaitzea. Horregatik guztiagatik pozten gara EAJren kritikekin... EHBilduk etxebizitzan bultzatutakoak ez baitu zerikusirik EAJk bultzatu zuenarekin.

Badakigu etxebizitzaren arazoa ezin dela udal mailan bakarrik konpondu, eta modu isolatuan, banan-banan hartutako neurriak ez direla nahikoak, baina Sopelako EH Bilduk, alkatetzan dagoenetik, bere esku dagoen guztia egiten ari da EAJk utzi zigun hirigintza “fardela” konpontzeko.