Albisteak

Askatasunik gabeko pertsonen eskubideak errespetatzearen alde


EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, Junts per Catalunyak, EAJk, CUPek, Mas Paisek, BNGk eta Compromisek manifestu bateratua sinatu dute Espainiako Gobernuari eskatzeko martxan jar ditzala espetxeetako egoerari aurre egiteko neurri zorrotzak eta ezar ditzala alternatiba egokiagoak presoen osasunerako eskubidea bermatzeko asmoz

EH Bildu | 2020-05-11 09:46:00

COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako osasun krisiak berebiziko eragina dauka larrialdiak irauten duen bitartean espetxean dauden pertsonengan. Testuinguru horretan, nazioarteko erakunde entzutetsuek kartzeletako egoerari aurre egiteko neurri zorrotzak hartzearen premiaz ohartarazi dute. Besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundeak, Giza Eskubideetarako eta Torturaren Prebentziorako Goi Komisarioak, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak eta giza eskubideen aldeko Estatuko hainbat erakunde eta elkartek adierazi dute kezka.

Horiek guztiak bat datoz askatasuna mugatzeko neurriei alternatiba aproposagoak bilatzearekin. Tartean, arreta sanitarioa bermatzea eta egoera zaurgarri eta arriskutsuan dauden presoak aske uztea proposatzen dute: 65 urtetik gorako adineko presoak eta aldez aurretik gaixo daudenak.

Jakin badakigu Espainiako Barne Ministerioak pandemiaren hedapena geldiarazteko eta espetxeetan birusaren zabalkundeak saihesteko neurriak iragarri dituela, eta inork ez du zalantzak jartzen horien beharra. Hala ere, manifestu honen bultzatzaileok uste dugu guztiz lehentasunezkoa dela neurri zorrotzagoak eta irmoagoak hartzea preso guztiak, espetxeak eskaintzen dizkien ohiko baldintzak baino eremu osasuntsuagoetan, zaintza baldintza profilaktikoagoetan eta osasun egoera aproposagoetan egon daitezen.

Horregatik guztiagatik, idatzi hau izenpetu duten talde politikook honako neurri hauek eskatzen dizkiogu Espainiako Gobernuari:

  1. Ordenamendu juridikoak ematen dizkion eskumenen barruan eta nazioarteko erakundeen gomendioei jarraiki, har itzala presoak espetxetik ateratzeko beharrezko neurriak, bereziki, koronabirusaren aurrean egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan: zehazki, 65 urte baino gehiago dituzten presoak eta COVID-19aren aurretik patologia serio, kroniko edo larriagotuak zituztenak askatzeko eskatzen dugu.
     
  2. Halaber, delituaren tipologia edo larritasunetik eratorritako inolako salbuespenik egin gabe har ditzala neurriak. Hau da, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzeko, berrerortzeko inolako arriskurik adierazten ez duten edota birgizarteratzeko aldeko pronostikoa jaso duten pertsonak askatzeko, beren familien baliabideak eta ingurune soziala kontuan hartuta, konfinamendu egoera gainontzeko herritarren baldintza berberetan egin ahal dezaten, eragozpenik gabe.
     
  3. Osasun, Justizia eta Barne Ministerioaren arteko elkarlana bermatuko da espetxeetan babes-neurriak orokortzeko, prebentzio sintomak aztertzeko eta presoei proba azkarrak egiteko. Berehala sare publikoko erietxeetara bideratuko dira espetxean COVID-19aren sintomak dituzten edo positibo eman duten pertsonak.
     
  4. Osasun krisiak irauten duen bitartean, informazioa jasotzeko eskubidea bermatuko zaie preso guztiei, pandemiaren hedapenari eta hartutako neurriei buruz informazio eguneratua, jarraitua eta eskuragarria jaso dezaten. Eta, oro har, espetxe barruan pandemiaren hedapenari aurre egiteko eta geldiarazteko hartzen ari diren neurrien berri izan dezaten. Aldi berean, presoen eta senideen arteko komunikazio ez-presentziala hedatuko da, telefono dei doakoak ezarriz eta bideo deiak areagotzeko aukera zabalduz, gaixotasunen edo familia larrialdien egungo baldintzetatik harago.
     
  5. Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu, konfinamendua arintzeko faseari ekin eta deseskalada hasi bezain pronto, espetxean dauden pertsonen egoera ere aintzat har dadila, eta presoek beren senideekin eta abokatuekin aurrez aurreko komunikazioak berreskuratzeko neurriak bizkortu daitezela. Ildo horretan, premiazko pausoak eman beharko lirateke hala eskatzen duten presoak euren etxeetatik hurbil dauden espetxeetara gerturatzeko eta hurbiltze orokortua martxan jartzeko, gaur-gaurkoz eragozpen eta zigor gehigarri bat baita presoen eta familien arteko hartu-emanak normalizatzeko bidean. Presoak beren familietara geografikoki hurbiltzea da asmoa, azken finean, etxetik urrunen dauden presoekin eta seme-alaba adingabeak dituzten gurasoekin hasita. Eta, horretarako, behar-beharrezkoa da beste garraio mota batzuen antzeko segurtasun eta higiene neurriak abian jartzea.
     

Madril, 2020ko maiatzaren 11
 

Jaume Asens – Unidas Podemos-En Comú Podem-Galicia en Común, Gabriel Rufián – Esquerra Republicana, Laura Borràs – Junts per Catalunya, Aitor Esteban – EAJ-PNV, Mertxe Aizpurua – Euskal Herria Bildu, Iñigo Errejón – Más País, Mireia Vehí – CUP, Joan Baldoví – Compromís, Néstor Rego – BNG.