Duela 3 urte, auzokide talde batek, autogestioan oinarritutako “Auzoetxea” egitasmoa martxan jarri zuen Larrabasterrako Karmengo elizan. Bizkaiko Gotzaindegiak eliza hau etxegabetzeko eta husteko prozesuari ekin zion eta, orain, irailaren 30etik aurrera edozein unetan gerta daiteke etxegabetze hau.
1.- Auzoetxean hiru urte hauetan egindako ekarpen kulturala, oso aberasgarria izan da Sopelako hainbat bizilagunentzat. Espazio hau, norbanako eta kolektibo anitzek erabilia izan da, auzokideen artean inolako eragozpenik sortu gabe.
2.- Karmengo elizaren esparru bat aspaldidanik ez zen erabiltzen, eta jadanik 2022an, une hartako Sopelako gobernu-taldeak (EAJk eta PSEk) elkarrizketa batzuk hasi zituen Bizkaiko Gotzaindegiarekin eliz-eginkizunetara erabiltzen ez zen elizaren gune horretan kultur zentro bat egokitzeko eta Larrabasterrari zerbitzua emateko.
3.- EH Bildu jakitun da Sopelako taldeentzat lokalak behar direla, eta gogorarazten du EHBildu eta Elkarrekin buru dituen gobernu-taldeak Udal Osoko Bilkuran aurrera atera zuen ebazpena. Honen arabera, udalerriko irabazi-asmorik gabeko taldeek doan erabili ditzakete Kurtzio Kultur Etxeko instalazioak; ohiko bilerak, topaketak, batzarrak eta abar egiteko. Oroitu beharra dago, aurreko legegintzaldietan, urtean birritan baino ezin ziren erabili, eta hirugarrenetik aurrera beharrezkoa zen ezarritako tasa ordaintzea.
4.- Eliz-eginkizunetarako erabiltzen ez den Karmengo elizaren esparruan Auzoetxeko kultura-jarduerarekin jarraitu ahal izateko irtenbide adostuaren aldeko apustua egiten dugu.