AKTUALITATEA


| 2022-10-08 13:04:00

Dirudienez, Sopelako EAJ hauteskunde-kanpainan murgilduta dago, eta horretarako Udaleko prentsa-kabineteaz baliatzen da, bere proiektuak saldu eta justifikatu ahal izateko. EH Bilduk horietako asko diru-xahutzat edo desegokitzat jo ditu. Akilino Arriola, Sabino Arana eta Olabideren radar mugikorrak dira horren adibide. Zergatik ez Gatzarriñe kalean?

Komunikabide baten arabera, Sopelak radar finko eta mugikorrekin kontrolatuko du abiadura: Udalak aurreratu duenez, Olabide, Akilino Arriola eta Sabino Arana kaleetan kokatuko dira, baina ausaz aktibatuko dira (El Correo, 2022ko urriaren 6a).

Gatzarriñe kaleko trafiko-arazo larriak salatu ditu EH Bilduk Sopelako Udaleko Herritarren Segurtasunerako Batzordean, inguruko bizilagunentzat arrisku larria izateaz gain, haien bizi-kalitateari zuzenean kalte egiten diotelako. Argi eta garbi, oinezkoa baldintza okerragoetan dago automobilari dagokionez. Eta EAJ-PSEren gobernu taldeak hartu nahi duen neurriak egoera okertu baino ez du egingo: Gatzarriñe kalean, Iberreko norabidean, trafikoari beste errail bat jarri nahi diote!

Bere aldetik, EH Bilduk bi neurri zehatz proposatu ditu:

• Lehenengoa, abiadura kontrolatzeko radar bat finkatzea Gatzarriñe kalean, Urdulizko ospitalera eta Unbera bidean Sopela zeharkatzen duen eskualdeko zirkulazio handiena jasaten duen errepidean.

• Bigarrena, EAJk eta PSEk Gatzarriñe kalean bertan, Iberrerako bidean, hirugarren errei bat sortzeko egindako proposamena ez gauzatzea, gobernu-taldearen arabera, bide horretako trafikoa arintzeko eta zirkulazioari arintasun handiagoa emateko.

EH Bilduren arabera, trafikoari espazio gehiago emateak ez dio konponbiderik ematen trafikoaren arazoari; aitzitik, auto gehiago erakartzen ditu eta automobilaren erabilera errazten du. Hori dela eta, Gatzarriñe kalean hirugarren erreia bat ez sortzea eta autoen abiadura kontrolatzea proposatzen dugu.

PNV style: Urdulizen ospitalea sarbiderik gabe eraikiz sortzen du arazoa, trafikoa handitzen da (EH Bildun aurreratu genuen bezala) eta EAJk konponbidea saltzen digu: autobia bat Larrabasterran. Ez gaituzte engainatzen... Gatzarriñeko hirugarren erreiak trafiko eta zarata gehiago ekarriko du Larrabasterrara!