AKTUALITATEA


| 2021-10-27 10:32:00

Larrabasterrako familia baten kexaren ondorioz, Udaltzaingoarekin eztabaida bat izan ondoren Mozal Legea aplikatu baitzitzaioten (zehazki, 36.6 artikulua, desobedientzia eta erresistentzia aipatzen dituena, falta larri gisa tipifikatuta dagoena, 600 eta 30.000 euro arteko isunarekin zigortzeko modukoa), EH Bilduk eztabaida bat ireki du Sopelako Udaleko Herritarren Segurtasunerako Batzordean: Aplikatzen al du Sopelako Udaltzaingoak Mozal Legea auzokideekin eztabaidak kudeatzeko tresna gisa?

Gaia arriskutsua da: Mordaza Legearen artikulu batzuek aukera ematen dute udaltzainen interpretazioaren arabera herritarron zenbait jarrera zigortzeko, hala nola, ustezko “desobedientzia, erresistentzia edo errespetu eta begirune falta”.

  1. 36.6 artikulua. Agenteei ez obeditzea edo aurka egitea beren eginkizunak betetzean, delitu ez direnean, bai eta identifikatzeari uko egitea ere, agintaritzak edo haren agenteek eskatuta, edo identifikazio-prozesuetan datu faltsuak edo okerrak alegatzea.
  2. 37.4 artikulua. Segurtasuna babesteko eginkizunak betetzean segurtasun indar eta kidegoetako kide batek jasotzen dituen errespetu eta begirune faltak, jokabide horiek arauhauste penalak ez direnean.

Kasu horietan, poliziaren egiazkotasun-printzipioa lehenesten da zehatutako pertsonaren alegazioen gainetik. Are gehiago, alegazio horiek ez dira Udalean bertan aztertzen, baizik eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailean, herritarrengandik urrunago dagoen organo batean. Horrek udal-mailako fiskalizazioa egitea eragozten digu. Esan bezala, 30.000 eurora irits daitezke isunak, baldin eta agenteak interpretatzen badu herritarrak “desobeditu” diola modu larri batean.

Garrantzitsua iruditzen zaigu eztabaida hau abian jartzea, garrantzi politiko handiko gaia baita, Eusko Legebiltzarreko talde guztiak salbuespen-lege honen aurka agertu baitira:

  1. 2016an, Gasteizko Legebiltzarra, EAJ/PNV, EH Bildu eta PSEren botoekin, lege horren aurka agertu eta onartutako mozioan honako hau gehitu zen: "Legebiltzarraren gehiengo politikoa lege honen aurka dagoenez, konpromisoa hartu da lege hori ez aplikatzeko".
  2. Ildo horretan, EAJk berak proposatu du lege hori aldatzea Espainiako Parlamentuan legegintzaldi honetan: “segurtasuna, eskubideak eta askatasunak binomioaren arteko oreka bermatzaileagoa bilatze aldera, Euskal Taldearen ustez, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen eraginkortasun osoaren aldeko interpretaziorik onena lehenetsi behar da, bereziki biltzeko eta manifestatzeko eskubideena, adierazpen- eta informazioaskatasunena, askatasun sindikalarena eta greba-eskubidearena”.
  3. EH Bilduk indargabetzearen aldeko apustua egin du: “Mozal Legea: bost urtez euskal jendartea zigortzen”. EH Bilduk polizia eredu komuninario, demokratiko eta hurbilago baten alde egiten du.
  4. PSOE ere aurka agertu da.
  5. Podemosek berriki ziurtatu du akordio bat duela PSOErekin Mozal Legea indargabetzeko.

Egungo egoera (post?)pandemikoan, nabarmena izan da herritarrek jasan duten espiral autoritario eta errepresiboa. Horren aurrean, ELA sindikatuarenak bezalako jarrerak azpimarratu behar dira, beste polizia-eredu bat aldarrikatuz. Gogora dezagun sindikatu hau ere aurrez aurre agertu zela Mozal Legearen aurka, lege hori aldarrikatu zenetik.

EH Bilduren jarrera argia da: Sopelan Mordaza Legea ez dadila aplikatu, beti daude egoera gatazkatsuak kudeatzeko beste modu batzuk, errespetuz eta gure udalerriko bizilagunen askatasun eta eskubideak zainduz.

Horretarako, udal talde guztiek lege errepresibo horren aurka akordio politiko bat lortzeko, beharrezkoa ikusten dugu Herritarren Segurtasunerako Batzordearen barruan eztabaida sakon bat abiaraztea, datu zehatzekin lege hori Sopelan zenbat kasutan aplikatu den eta zergatik.

OHARRA: argazkia. "Mozal Legea". Egilea: Joseba Larratxe. Argia aldizkariaren azalerako egindako marrazkia (2016-04-17).

Ikus Argiaren Mozal legeaaren mehatxua kanala: https://www.argia.eus/mozal-legearen-mehatxua