AKTUALITATEA


| 2023-11-16 13:21:00

Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko eta horretarako ibilbide demokratiko bat eskatzeko, Sopelako EHBilduk dei egiten die herritarrei datorren larunbatean, azaroaren 18an, Bilbon NAZIOA GARA leloarekin izango den mobilizazioan parte hartzera. Mobilizazioa 17:30ean hasiko da Casillan. Ekimena testinguru «berezian» emango da. Batetik, Estatu espainolean inbestidura saioa egin berria eta bestetik, azaroaren 20a Euskal Herrian gerra zikinaren adierazgarria da.

Eskubideak dituen nazioa gara.

EH Bilduk kalera ateratzeko deia egin du Espainako Gobernu berriaren aurrean arazo nazionalei irtenbide demokratikoa ematearen alde. Eredu autonomikoa erabat agortuta dago, inbestidura indar plurinazionalek sostengatua dago eta Espainiar Estatuak onartu beharko du bere natura plurinazionala. Gure etorkizuna guk erabaki behar dugu.

Nazio Solidarioa gara

Nazio solidarioa gara. Euskal nazioa aldarrikatzen dugunean, munduan dauden herri zapalduen borroka eta askatasuna ere defendatzen ditugu eta une honetan bereziki Palestinarekiko elkartasunak nabarmendu nahi dugu.

Memoria duen herria gara

Data seinalatuan izango da mobilizazioa: Josu Muguruza eta Santi Brouard erail zituzten egunaren bezperatan eta Estatu terrorismoak eraildako bi militanteak ere gogoan izango ditugu.

Nazio antifaxista gara

Espainiako eskuina eta eskuin muturra ez bdira ari kalera ateratzen amnistiaren aurka soilik, 78ko erregimenaren alde baizik. Eskuin muturraren harrokeriaren aurrean, harrotasunez adieraziko dugu Euskal Herria antifaxista dela.

Abesten duen herria gara

Sekula egin ez den bezala kantatuko dugu Txoria txori, kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko!