AKTUALITATEA


| 2026-05-15 20:53:00

Iazko abenduan, hainbat bileraren ondoren, akordio on bat lortu zen Itsasertz Mugartearekin (Costas) Barinatxe hondartzara jaisteko dagoen egungo arrapala mantentzeko eta bertatik sarbide mugatua izatea larrialdietako ibilgailuak (sorospen eta salbamendu-zerbitzuak); gainera ingurumena lehengoratzeko lanak aurrera egingo zuten. Orain egiaztatu da arrapala hondartza-denboraldia baino lehen irekiko dela berriro.

Zoritxarrez, akordio hartan “atal” batzuk ebatzi gabe geratu zirela esan genuen, eta “ataltxo” horiek atzeratu dute arrapalaren irekiera eta erabakiak hartzeko dauden zailtasunak azaleratu dituzte; beraz ondorioak atera behar dira.

1.- Hau ez da berria: mendi-hegaleko luiziak.

Mendi-hegaleko luiziak ohikoak dira Barinatxen. Soilik, 2020. urtetik aurrera, aurtengoa da arrapala ixteko behartzen duen hirugarren luizia.

  • 2021ean gertatu zen, eta Sopelako Udalak konponketei aurre egin zien modu subsidiarioan, eta “Kostas”ek beraganatu zuen.
  • 2023ko abenduan gertatu zen, eta udalak berriro ere, egin zion aurre konponketari, baina oraingoan “Kostas”-ek ez zuen beraganatu.
  • Negu honetan berriro gertatu da, eta asko kostatu da administrazioen arteko lankidetza bideratzea konponbide bat bilatzeko.

2.- Oso interlokuzio zaila instituzio guztien artean.

Gai honetan erakunde guztiek hartu behar dute parte: Barinatxe Sopela eta Getxokoa da; garbiketa eta sorospen-zerbitzuak Bizkaiko Aldundiari dagozkio; Turismoa eta zenbait kostaldearekin lotutako eskumen Eusko Jaurlaritzaren pean daude eta “Costas” Gobernu Zentralarena... Arrapalari buruzko behin betiko erabakia ezin du bakarrean hartu guztien arteko instituziorik txikiena eta ekonomikoki ahulena: Sopelako udala, urte hasieran azterketa geotekniko bat kontratatu behar izan zuena Barinatxe hondartzako ezponda finkatzeko aukerak aztertzeko.

3.- Oraingoz: balorazio positiboa…

Sopelako Udalak beti ekimena eraman duen prozesu luze-luze baten ondoren, honako hau erabaki da instituzioen artean:

  • Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak arrapala behin-behinean garbitzeko lanak egingo ditu aste honetan bertan, Barinatxen garbiketa eta salbamendu-zerbitzuak errazteko.
  • Sopelako Udalak modu subsidiarioan jardungo du arrapala behin betiko garbitzeko, ezpondaren egoera aztertzeko kontratatutako azterlan geoteknikoaren arabera.
  • Kostaldeko Mugapeak Barinatxeko dunen sistema naturalizatzeko lanak udaz geroztik atzeratuko ditu.

4.- Balorazio positiboa, baina… epe luzerako jarduketen beharra

EH Bilduk, Sopelako alkatetzatik, Barinatxeko arazoari behin-betiko irtenbidea ematen inplikatuta dauden administrazio guztien erantzukizuna eskatu du, eta itsaslabarraren ezponda egonkortzeko eta aldiro mantentzeko finantzaketan eta kostaldeko ekosistemaren ingurumena lehengoratzeko lanetan laguntzeko eskatu du. Epe luzerako erabakiak erakunde guztiek hartu behar dituzte. Datozen hilabeteetan ikusiko da beste erakundeen benetako borondatea.