AKTUALITATEA


| 2026-06-04 20:47:00

Iparraldeko ikasleek Batxilergoko probak euskaraz egin ahal izatearen aldeko mozioa

Egoera oso ezaguna da euskaltzale guztientzat: Iparraldeko ikasleek traba handiak dituzte Batxilergoko azken probak (Baxoa) euskaraz egin ahal izateko, eta urteak daramatzate eskubide hori aldarrikatzen eta haren alde mobilizatzen.

Ikasle hauek urtero ikasketa guztiak euskaraz egin dituzte, baina Batxilergoaren amaierako proba ezin dute euskaraz egin, honek zailtasun eta segurtasunik gabeko egoera pedagogiko batean jartzen ditu, haien etorkizunean eragin kaltegarriak izan ditzakeela.

Hori dela eta, Iparraldetik elkartasuna eskatu zaie Euskal Herriko udal guztiei, eta Sopelaraino elkartasun hori Ander Deuna ikastolaren bitartez iritsi da, mozio bat aurkeztu baitzuen Udal Osoko bilkuran.

Mozioa:

“…Kontuan izanik, beste faktore askoren artean, Ipar Euskal Herrian eskaera hori hiru hezkuntza sareek (publikoa, pribatua eta Seaska) babesten dutela; Ipar Euskal Herriko parlamentariek eta erakundeetako ordezkariek aho batez babestu dutela; Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunak bigarren hezkuntzan hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko neurri zehatzak eskatzen dituela…”

“…Sopelako Udalak sustengu osoa adierazten die euskarazko irakaskuntzan sare ezberdinetan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza taldeei;  galdegiten dio Bordeleko akademiako errektoreari, behin-behinean, euskaraz pasatzeko aukera atxikitzea eta dei egiten dio Frantziako Hezkuntza ministroari, 2026ko ekaineko azterketetan eskualdeko hizkuntzen egiazko kontsiderazioa berma dezan…”

Mozioaren garrantzia:

Mozioak EHBildu, EAJ, Elkarrekin eta AVS talde politikoen babesa izan zuen; PSE abstenitu egin zen, errebindikazioa onartzen zuela eta ez ziola kontra egingo adierazteaz batera, eztabaida ez zela Sopelako udalaren eskumena gehitu zuen eta ezbaia “beste erakunde batzuetan” eman behar zela.

Erakunde guzti-guztiek indar legalik gabeko mozio sinbolikoak bozkatzen dituzte, garrantzitsua baita jarrera politikoa finkatzea eta iritzi publikoari helaraztea. Hurbiltasunezko bozgorailuak dira, eta, berehala behartzen ez badute ere, etorkizunean lege edo arau lotesleak sortzeko bidea ezartzen dute.

Udal baten ordezkari politikoek ezin dute Gazako genozidioaz edo Mecanerreko langileen egoeraz iritzirik eman? Horrelako mozioak ez tratatzeak ere mezu bat bidaltzen du: urruntasuna edo aldarrikapena gutxietsi. 

EH Bilduk, berriro ere, Iparraldean eta Euskal Herri osoan zehar euskarak estatus berria behar duela aldarrikatzen du bai hezkuntzan, bai eguneroko arlo guztietan euskaraz  bizitzea bermatu dadin. Lortuko dugu.