Urrian izandako Sopelako Udal Osoko Bilkuran, 2024. urteko zergak eta tasen eztabaidan, atal txiki, baina esanguratsu bat onartu zen EHBilduk, Elkarrekin Sopelarekin batera, aurkeztuta: Sopelako irabazi-asmorik gabeko taldeek Kurtzio Kultur etxearen instalakuntzak dohainik erabili ahal izatea mugarik gabe. Salbuespen bakarra litzateke talde horiek kanpoko teknikari baten beharra balute tresneria berezia erabiltzeko (kamerak, soinu aparatuak e.a.); beraz, kasu honetan izan ezik, Sopelako irabazi-asmorik gabeko taldeek ohiko bilerak, topaketak, elkarketak e.a. dohainik egin ahal izango dituzte beti.
Orain arte urtean bitan bakarrik erabiltzeko aukera
Orain arte irabazi-asmorik gabeko taldeek urtean bitan zeukaten aukera Kurtzioko instalakuntzak dohainik erabiltzeko; hirugarrenetik aurrera Udalak ezarritako tasa ordaindu behar zutelarik. Hala ere, onartu behar da oso malgua izan dela interpretazio honekin, bai Kurtzioko teknikariak, bai aurreko udal gobernua (PNV eta PSE) eta ez dela azken urteetan kobratu, baina arautegian zehatza zen: urtean 2 erabilera doan bakarrik.
Borondatea izatetik eskubidea izatera
EHBilduk bultzatutako aldaketa honen bidez, orain arte “borondatezko ekinbidea” zena eskubide arautua bihurtu da etorkizunean gerta daitekeen edozein interpretazio murritzailea saihestuz eta EHBIldun bere udal hauteskundeetarako programan agindutakoa hitzez hitz betez: “Herriko taldeentzat instalazioen erabilera doakoa bermatu (adibidez Kurtzio erabiltzea tasak ordaindu gabe”.
Udal Osoko Bilkuran ere gerta daitezkeen gehiegizko erabilera txarrez hitz egin zen, alegia, talderen batek “ohikotasunez” gela bat hartuko balu beste talde batzuen erabilera zailduz, edo hartu eta gero erabili ez. Horrelako gehikeriak emango balira datorren urtean arautegia berrikusteko aukera zabalik geratu da.