Espainiako Gobernuak errotik aldatu du bere jarrera Mendebaldeko Saharako gatazkari dagokionez, Nazio Batuen ebazpenak eta Nazioarteko Zuzenbidea bera ere urratuz. Hori dela eta, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Pasaiako Udalean Gobernuak eman duen bira salatzeko. Mozioa, EH Bilduren, EAJren eta Podemosen bozkekin aterako da aurrera talde horietako bozeramaileek EH Bilduri jakinarazi diotenez.
Komunikabide batzuen arabera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gutun bat bidali dio Mohamed VI erregeari, Marokok 2007an Sahararako egin zuen autonomia-erregimenaren proposamena gatazka konpontzeko proposamenik «serioena, errealistena eta sinesgarriena» dela esanez. Jose Manuel Albares, Atzerri, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak berak informazio hori baieztatu du.
Abdulah Arabi, Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak urteak daramatza «Marokori etengabe atsegin ematen saiatzen», bere ustez deskolonizatzeke dagoen lurralde bateko «potentzia administratzaile» gisa ez dagokion «anbiguotasunarekin» jokatuz. Arabik berretsi du erreferenduma egin behar dela saharar herriak erabaki dezan.
Hori guztia kontutan hartuta, azken egunotan Espainiako Gobernuak eman duen bira salako du udalbatzaren gehiengoak eta bere ardura adierazi Sanchezek Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako aldebakarreko proposamenari baiezkoa emateagatik.
Honi batuta, Espainiako Estatuari Nazio Batuetako ebazpenen eta Nazioarteko Zuzenbidearen arabera jokatzeko eskatuko dio udalbatzak, hauek Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea funtsezkoa dela agintzen baitute, betiere sahararren burujabetza eskubidea bermatuz.