AKTUALITATEA


| 2026-03-06 17:00:00

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) Aparkalekuaren Ordenantza inpugnatu du auzitegietan, portu-eremuei eraginez. Pasaiako EH Bildutik gure gaitzespen irmoa adierazi nahi dugu PPAren jardunaren aurrean, berriro ere argi utzi baitu ez duela Pasaiako herritarren behar sozialak aitortzen, ez herritarren erabakiei errespeturik erakusten.

EH Bildu buru duen Pasaiako Udal Gobernuak herritarren eskaera historiko bati erantzuteari ekin zion agintaldi hasieran: aparkalekuak arautzea, gure barrutietako bizimodua hobetzeko, oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko, eta gure herrian duintasunez bizitzeko aukerak errazteko. Eskari hori, aurreko gobernuek luzaro zokoratu zutena, erantzukizunez onartu zuen gobernu berriak, jendearen bizitzak iraganeko inertzien gainetik jartzeko helburuarekin.

Nahiz eta prozesuaren hasiratik Portuarekin elkarrizketa etengabea izan den, nahiz eta Portuak aurkeztutako zenbait alegazio ere onartu, aparkatzeko Ordenantza berri hau inplementazio eta berrikuspen fasean zegoela, Portuak auzitegietara eraman zuen araudia, eta orain auto judizial batek mugatu egiten du Udalak aparkalekua arautzeko duen gaitasuna zenbait eremutan, "portuko lurzoru" gisa katalogatuta daudenez gero. Donibane, San Pedro edo Trintxerpen bizi garenon eguneroko bizitzaren parte diren guneak bere logika ekonomikoaren baitan kokatu ditu berriro ere Pasaiako Portuak eta ez, benetan diren moduan, herritarron bizitzan ezinbesteko espazio sozial gisa.

Ez da onargarria. Onartezina da, guztiz.

Pasaiak ezin du jarraitu uharte isolatu bat bezala funtzionatzen duen estatuaren menpeko azpiegitura bat jasaten, gure espazio publikoaren erabilera nahi eran okupatu eta mugatzen diguna, eta, gainera, hemen bizi garen jendearen bizitzari buruz erabakiak inposatzen.

EH Bildutik beti defendatu dugu Portuak ezin duela salbuespen izaten jarraitu Pasaiaren barruan; udalerrian integratu behar du, hesiak ireki behar ditu, espazioak erabilera publikora itzuli behar ditu eta herritarren nahiz horien ordezkari den Udalaren subiranotasuna errespetatu behar du, orainaz eta etorkizunaz erabakitzeko.

Pasaiari buruz pasaitarrek erabakitzea

EH Bildutik salatzen dugu 16.000 pasaitarren bizitzei eragiten dieten erabakiak ezin direla udalerritik kanpo inposatutako logika baten menpe geratu, ezta historikoki gune horiek herritarren eskubideen gainetik interes ekonomikoko irizpideekin kudeatu dituen azpiegitura baten mende ere.

Ez dugu onartuko aparkalekuaren erregulazioa —Pasaiako bizilagunen ongizateari zuzenean lotutako gaia— etengabeko trabak jarri dituen erakunde baten mende geratzea. Ez dugu onartzen gure bizitza etengabe judizializatzen duen botere arrotz baten jauntxokeria. Gure herrian nola bizi nahi dugun erabakitzea pasaitarroi bakarrik dagokigu. Erabaki horiek ezin dute inolaz ere kanpoko interesen mende egon.

Agerikoa da Espainiako Gobernuak Pasaiako Portuaren aurrean erakutsi izan duen arduragabekeria, baina Eusko Jaurlaritzak ere izan du ardurarik. Izan ere, Jaurlaritza bera da Portu Agintaritzako lehendakaria izendatzeko eskumena duen erakundea. Horregatik, ardura eskatzen diegu Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiei, EAJ eta PSE-ri: alderdi horiek Pasaian dituzten ordezkariek pasaitarren alde benetan lan egiteko borondatea baldin badute, gai larri honetan esku-har dezatela, gure herrian nola bizi nahi dugun erabakitzen uzteko.

Orain, Portuaren balizko transferentzia dela-eta, elkarri mokoka ari diren alderdi horiei beraiei enplazamendu argia luzatzen diegu: erabili dezatela Portu Agintaritzan duten boterea aparkalekuen kontua auzitegietatik ateratzeko eta udalerri mailako debate politikora ekartzeko. Ez da zilegi hautes-ontzietan irabazi ez dena, kanpoko aginte-trikimailuaz lortu nahi izatea.

Eta horixe da gure aldarria aktore politiko eta instituzional guztiei: errespetatu pasaiako herritarren hitza eta erabakiak. Solik horren gainean eraiki baitaiteke bizitza komunitario duinik.