Pasaiako Udalak 2026ko aurrekontuak onartu ditu, EH Bildu, Podemos eta EAJ udal taldeen arteko akordio zabalari esker. Akordio horren ondorioz, aurrekontuek beharrezko babes politikoa jaso dute abenduaren 30eko osoko bilkuran, gobernukideen aldeko bozekin eta jeltzaleen abstentzioarekin. Horiek horrela, 31.245.491 euroko aurrekontua onartu da, izaera sozial, jasangarri eta komunitario nabarmenekoa.
Udal Gobernuak 2025eko azaroaren 28an aurkeztu zuen 2026rako aurrekontu-proposamena, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea eta gizarte-kohesioa sustatzea lehenesten zituena. Aurkezpen horretatik aurrera, gobernuak negoziazio-prozesua ireki zuen oposizioko taldeekin, eta hainbat bileraren ondoren EAJrekin akordioa ixtea lortu du, udalerriarentzat estrategikotzat jotzen diren zenbait partida handituz eta beste hainbat neurri berri txertatuz.
Teo Alberro Pasaiako alkateak nabarmendu duenez, 2026ko aurrekontuak lan “arduratsu eta planifikatuaren emaitza dira; pasaitarren lehentasunei erantzuteko tresna”. Alberrok azpimarratu du gobernuaren proposamena “oinarri sozial, jasangarri eta komunitario sendo baten gainean eraiki dela, zerbitzu publikoak indartuz eta herriaren etorkizunerako funtsezkoak diren proiektuak bermatuz”, eta gaineratu du “lortutako adostasunak aurrekontua hobetzeko aukera eman duela, elkarrizketa eta erantzukizunetik”.
Amaitzeko, alkateak nabarmendu du Udal Gobernuak lanean jarraituko duela hartutako konpromisoak determinazioz betetzeko. Eskerrak eman dizkie jeltzaleei elkarrizketarako erakutsitako borondateagatik, “Pasaia bezalako herri batek lankidetza eta erantzukizun partekatua behar eta merezi dituelako”.
Loreto Osa EAJ-PNVren bozeramaileak nabarmendu du akordioak ahalbidetuko duela “Pasaiak 2026an aurrekontu anbiziotsuagoak, erabilgarriagoak eta herritarren benetako beharretan oinarrituak izatea”. Bere esanetan, ituna, besteak beste, “talde jeltzalearen jarrera arduratsu eta eraikitzailearen emaitza da, hasieratik herritarren bizitza hobetzea helburu zuten hogeita hamar zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztu baititu, adostasunaren alde eginez eta konfrontazioa baztertuz”.
Osak aurreratu du “elkarrizketa eta adostasunaren bidetik lortu den akordio honetako konpromisoen jarraipen zorrotza egingo dutela; politika eraikitzaileak emaitzak ematea espero duela, betiere Pasaiako herritarren ongizatea ardatz hartuta”.
EAJrekin adostutako zuzenketak
Horrez gain, aurrekontuz gaindiko hainbat konpromiso ere hartu dituzte hiru alderdiek, besteak beste 2026ko zolaketa-kanpaina indartzea, bizikleten aparkaleku estali bat aztertzea, Illunbe AE klubarekin sinatu beharreko hitzarmenaren formula elkarrekin adostea, eta Antxoko Gure Zumardiaren urbanizazioarekin lotuta, aldeek adostutako hasierako igoeraz gain, Udalak antzemango balu plazan aparteko beharrik dagoela, sinatzaileon artean adostea beharrezko kreditu-aldaketa.
AKORDIOA