Azaroaren 25eko ohiko osoko bilkuran, Miren Murua Arrizabalagak eta Joanes Bereziartua Zurutuzak Pasaiako Udaleko zinegotzi kargua hartu dute ofizialki. Biek ala biek EH Bilduko udal taldean jardungo dute aurrerantzean.
Murua ingeniaritza teknikoko ikasketak egindakoa da eta egun ingeniari gisa dihardu. Bereziartua, berriz, Historiako ikasketak egindakoa da eta bigarren hezkuntzako irakaslea da. Biek ala biek harreman estua dute herri mugimenduarekin eta herrigintzarekin, oro har.
Murua, gainera, San Pedroko alkateorde berria izango da. Horrenbestez, Miguel Mari Torreak orain arte bete izan duen ardura hartuko du beregain, barruti horretako erreferentziazko figura instituzional bilakatuz.
Bereziartua udal taldearen nahiz gobernuaren eguneroko lanean eta proiektu estrategikoen garapenean arituko da, bere eskarmentua eta herrigintzarekiko konpromisoa Pasaia osoaren mesedetan jarriz.
Errelebo honek udal gobernua indartzea du helburu, agintaldiaren bigarren erdia erronka berriei aurre egiteko prest eta talde berrituarekin abiatzeko. Teo Alberro alkatearen hitzetan, “errelebo honek ez du etenik ekarriko orain arteko lan ildoetan, baizik eta bultzada berri bat”.