AKTUALITATEA


| 2023-05-15 12:00:00

Ostiralean kanpainako lehen ekitaldi jendetsua egin genuen Antxoko kaleetan zehar. Ekitaldi ibiltariak etorkizuneko Antxoko bost gune estrategikoetan egin zuen geldiunea: Renfeko estazioan, Topoaren arkupean, Zumardian, Luzuriagako inguruan eta Biteri plazan.

Hasteko, Aitor Brion hautagai antxotarrak hartu zuen hitza, «azken urteotan lan fina egin dugu. Pasaiak lortu dituen akordio eta jauzi handiak EH Bilduri esker izan dira, eta oposiziotik, lehen indar gisa, gobernuak lortu ez dituen akordioak lortu ditugu».

Jarraian, Iraitz Pazos hautagai trintxerpetarrak Renfeko estazioa bizkarretan zuela, zera esan zuen: «nire bizkarretan duzue PSOEren kudeaketa traketsaren adibide den Renfeko estazioa. Estazio modernoa, irisgarria eta paisaiarekin integratua agindu zigun Gomez alkategai sozialistak 2019an, eta ikusten duzuenez, bete gabeko beste promesa baten aurrean gaude». Hori esan eta EH Bildu hauteskunde hauetara Pasaiako Badiak behar duen jauzia emateko planarekin iristen dela esan zuen “Etorkizuneko Badia” proposamen estrategikoa aipatuz. «Elkarbizitza eta berrikuntza oinarrian ditu proposamenak. Enplegua, gizarte-kohesioa eta ingurugiroa aintzat hartzen ditu. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan, ez baitute proposamenik».

Ondoren, Eskalantegi kalean, topoaren arkupe azpian eta Zumardian Ane Etxeberriak eta Laura Ré hautagai antxotarrak hartu zuten hitza. Etxeberria herrian espazio duinak bermatzearen alde mintzatu zen, herritarrei alternatibak eskaini behar zaizkiela esanez: «EH Bildu entzuteko prest dator. Herritarren ekarpenak entzuteko, arazoak aurreikusi eta neurriak elkarrekin adostu eta abian jartzeko». Rék bere aldetik gure eredua «ardura, anbizioa eta bereziki elkarlana» uztartzen dituena dela esan zuen. Herritarren eskaerei muzin egiten dietenen aurrean, EH Bilduk «gertuko politika, herritik, herriarekin eta herriarentzat» eraikitako politika egingo duela promestu zuen, «herritarrak eta eragileak lehen unetik kontutan hartuko dituena».

Luzuriagan izan zen hurrengo geldialdia. Bertan Udane Migeltorenak eta Mikel García hautagai antxotarrak hitz egin zuten. Lehenak Osakidetza eta zaintza izan zituen hizpide. Kritika gogorra egin zien PSOE eta EAJri, «arduragabe jokatu dute, antxotarrok behin behin-behinekotasunera kondenatuz» esan zuen, Antxoko anbulategiaz ari zela. EH Bilduk, zaintza eta osasuna «ardura eta duintasunarekin» lotzen ditugula aipatu zuen eta behin betiko anbulategia lortzeko lehen unetik lan egingo dugula promestu zuen. Jarraian, Garcíak hartu zuen hitza eta Luzuriagaz mintzatu zen. EH Bilduk Madrilen lortutako 6 milioi euroko akordioa goraipatu eta «lortu dugu! Bai, lortu dugu! Eta orain herritarrekin egingo dugu lan etorkizuneko Luzuriaga adostu eta diseinatzeko» esan zuen harrotasunez. Kritika gogorra egin zion PSOEri, orain arte lanik egin ez duela esan eta «orain, badirudi beti egon direla Luzuriagaren alde» amaitu zuen.

Bukatzeko, Junkal Mintegiak, alkategai ohiak, eta Teo Alberro alkategaiak hartu zuten hitza. EH Bilduren eredua alternatiba bakarra dela aipatu zuten. EH Bildu dela Pasaiak behar duen jauzia emateko irtenbide bakarra. «Udala herritarren eskura jarriko dugu, gure herriari eta herritarrei denbora eta ahalegina eskainiko dizkiegu. Horretara etorri gara, gu herria garelako. Horregatik, datorren maiatzaren 28an EH Bildu bozkatzeko eskatu nahi dizuet, ez baitago beste aukerarik herri honek behar duen jauzia emateko» amaitu zuen Alberrok.