AKTUALITATEA


| 2025-01-12 13:00:00

Gure herriak sarri erakutsi dio, ikusi nahi duen orori, zein den bere izana, izena eta izaera, nazioa dela eta bere etorkizuna libreki erabaki nahi duela. Denboran atzera gehiegi egin gabe, 2023ko uztailean, herri harrotasun erakustaldia egin genuen, Tourra Euskal Herriko errepideetatik barna ibili zenean. Joan den 2024an, gauza bera egin genuen Korrikari eta Bilbon jokatu zen Euskal Selekzioaren futbol partidari sostengua eta babesa erakutsiz. Eta azken asteotan, baikortasunez jaso dugu Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa eman izana, Nazioarteko Pilota Federazioak eskubide osoko kide izatearen alde bozkatu ostean.

Baina Euskal Herriaren aldarria egiteko borrokak aurrera darrai eta igande honetan, hilaren 12an, badugu beste aukera bat Pasaian. Euskal Selekzioak nazioarteko eskubaloi partida jokatuko du Larrabideko udal kiroldegian datozen egunotan Gizonezkoen Munduko Eskubaloi txapelketan parte hartuko duen Txileko selekzioaren aurka. Hemen bizirik den herri bat dagoela munduari erakusteko beste aukera paregabe bat.

EH Bilduko kideok dei egiten diegu pasaitarrei eta, euskal herritarrei orohar, Euskal Selekzioaren eskubaloi partida jarraitzera eta Donibaneko kiroldegia euskal aldarriz betetzera. Aldi berean, oztopoak oztopo eta mehatxuak mehatxu, zazpi herrialdeak ordezkatuko dituen Euskal Herriko selekzioaren aldarria egin nahi dugu beste behin ere, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuz.

Amaitzeko, ukazio guztien gainetik Euskal Herria bizirik dagoen herria dela aldarrikatu nahi dugu, euskal herritarrak izatearen harrotasuna eta bere etorkizuna libreki erabakitzea nahi duen nazio bizia dela.