AKTUALITATEA


| 2022-11-10 17:30:00

Asteazken honetan, Pasaiako EH Bilduk idatzizko eskaera egin diogu Izaskun Gomez Alkateari garraio azpiegituren erakunde kudeatzailea Antxon egiten ari den topoa lur-azpiratzeko obraren inguruko jarraipen batzordea sor dezan. Foro honetan, gainera, SOS Antxo herri ekimena eta Laurak Bat merkatarien eta ostalarien elkartearen ordezkaritza bana egotea proposatu dugu.

Honen helburua litzateke, Euskotren Altza-Galtzaraborda tartearen obra egitearen ondorioz Antxoko barrutian sortutako intzidentziaren jarraipena, plantea litezkeen kexen edo aldaketen kudeaketa bai eta horien eraginek eta horiek gutxitzeko hartu beharreko neurriak erabakitzea.

Ukaezina da topoaren obrek dagoeneko eragin dutela Antxoko barrutiaren ohiko dinamikan, batik bat, herriko espazio eta bide garrantzitsuenetan eragin dutelako, mugikortasunean aldaketa nabarmenak eman direlako, edota elkartegintzan, merkataritzan eta ostalaritzan eragin dutelako.

Hori horrela izanik eta Pasaiako udal araudi organikoak ematen duen aukera aintzat hartuta, EH Bilduko kideok gutxienez bi hilean behin bilduko den batzorde berezia sortzeko proposamena luzatu diogu Alkateari obrak dirauen bitartean. Garrantzitsua deritzogu udalaren, ETSren eta herri eragileen komunikazioa eta informazio elkartrukea etengabea izatea.

Mikel Garcia zinegotziaren hitzetan, «udal gobernuak molde zehatz bat sartu beharko luke lurperatze-proiektuaren barruan herritarrei eragozpenak eta zerbitzu murrizketak leuntzeko eta, ahal den neurrian, saihesteko. Horregatik proposatu dugu foro hau».

Amaitzeko, Iraitz Pazos zinegotziak gogorarazi du joan den urriaren 26an herriko zenbait espazio eta elementurekin lotutako eskaera idatzia egin ziotela PSE-EEk eta EAJk osatutako udal gobernuari – kanasta eta fut-pong mahaia Biterira mugitzea, gune horretan bertan parke probisional bat ezartzea edota obragatik itxita gelditu diren komun publikoei alternatiba ematea – eta horiek oraindik ez dizkietela erantzun. «Ez digute guri, udal talde politiko gisa, erantzunik eman baina, are larriago dena: ez diete Antxoko herritarrei inolako soluziorik eman».