Topoaren obra iragarri zenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, Pasaiako alkateak, azkenean, herritarrekin bildu behar izan du. EH Bilduren ustez, bilera hau berandu eta gaizki planteatuta dator, ikusi besterik ez dago saio honetarako sarrerak 48 ordu baino gutxiagoan agortu direla, Kultur Etxearen edukiera murritzagatik eta herritarrek gaian duten interes handiagatik.
Ezin bestela izan, PSE-EEk eta EAJk osatutako Pasaiako udal gobernuak berandu erantzun du berriro, herritarren eskaerek eta EH Bilduren temak behartuta. Informazio hutsezko bilera deitu dute, edukiera oso mugatuarekin, eta beste behin ere bizkarra eman diete antxotarrek behin eta berriz egin dituzten eskaerei.
Beharrezkoa da barrutiko bizilagunen kezkak eta proposamenak entzutea eta kontuan hartzea, haiek izango baitira obra horren ondorioak – onak edo txarrak – jasango dituztenak. Beraz, Udalak lehenbailehen hasi behar du 1.500 antxotar baino gehiagok babesten dituzten aldarrikapen eta kezkei erantzuna eman nahi dien parte-hartze prozesu bat. Besteak beste hurrengo gaiei erantzuna emateko: aisialdirako espaziorik eza obran zehar, egungo trazadurari eusten dion zubiaren etorkizuna edo Luzuriaga eraikinaren kultur proiektua zeinarentzat EH Bilduk akordio bat lortu zuen Madrilen.
Gainera, Izaskun Gómez alkateari eskatzen diogu behar beste bilera deitzeko, herritar guztiek beren zalantzak eta kezkak argitzeko aukera izan dezaten. Gaur egungo osasun-egoera kontuan hartuta, Kultur Etxearen edukiera 54 pertsonakoa da, eta, ondorioz, saioetarako sarrerak 48 ordu baino gutxiagoan agortu dira, herritar asko kanpoan utzita. Ez da onargarria horrelako bilera garrantzitsua edukiera aldetik hain mugatua izatea, eta horregatik eskatzen dugu bilera Ibaiondoko pilotalekura eramatea eta jende gehiagori sartzen uztea.
Horrekin batera, streaming bidez parte hartuko duten pertsonek modu aktiboan parte hartu ahal izatea proposatzen dugu, galderak edo iradokizunak modu telematikoan egiteko aukera emanez.
Amaitzeko, antxotarrak saio honetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Oso garrantzitsua baita obra honek sor ditzakeen zalantza guztiak argitzea eta, behingoz bada ere, ETSko eta, batez ere, Pasaiako udal-gobernuko arduradunek haien ahotsak entzutea.