AKTUALITATEA


| 2020-06-16 12:00:00

Atzo urtebete, EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen arren, Pasaiako PNVk PSE alkatetzan jartzea ahalbideratu zuen, beste nonbaiten erabakita, noski eta gobernu programarik gabeko gobernua eratzea erabaki zuten orduan. Urtebete pasa ondoren, udal gobernuak programa zehatzik gabe jarraitzen du. Karguak banatu zituzten, baina hortik aurrerakoak ez dituzte gehiegi zehaztu, are gutxiago gauzatu.

Pandemiaren aurretik, gure ekimenez, portuko hustuketa-lanen eragina leuntzeko proposamena adostu genuen talde guztiok eta, herritarren ekimenari esker, Antxoko Renfe geltoki berriaren herri-proposamena bidali Madrilera, hau ere talde guztien adostasunarekin. Herriarentzat erabiltzen ez diren trenbideak berreskuratzeko, herri proposamena oinarri hartuta eta herritarrak erdigunean jarriz. Donibaneko saneamendua finantziatu ahal izateko bulkada EH Bilduren eskutik gorpuztu zen Batzar Nagusietan eta udal aurrekontuan agertzeko gure eragina erabakigarria izan zen.

​"Pasaiatarron ongizatea lehenetsi behar dugu"

Pandemia honek espazio publikoak, osasuna edota elikadura burujabetzaren gaiak lehen planora ekarri ditu. Denok ikasi dugu zaintzaren zentraltasunaz, gurean zahar egoitza berriaren obra – Adinberri – ezin da gehiago atzeratu, eta kudeaketa publikoak bukatu behar du azpikontratazioarekin, negozio egitera datozen enpresen jukutriarekin beti zaharren bizi-kalitatea eta autonomia erdigunean jarrita. Denok ikasi dugu ez dagoela B planeta bat: Donibaneko saneamenduaren obra hasi egin behar da behingoz eta denok ikasi dugu espazio publikoaren garrantzia: udako giroan kultur jarduera berpiztu eta pasaitarron ongi izatea lehenetsi behar ditugu, bertoko komertzioari babesa eskaini eta Renfeko geltoki berriarekin espazioak berreskuratu eta San Pedroko lonjako obra amaitzeko garaia da.

Argi dago Pasaiarentzat hil ala bizikoa dela ekimen bateratu eta adostuak erdiestea, ahots batez hitz eginez Aldundiaren, Portuaren eta Madrilen aurrean defendatzeko. Baina PNVk eta PSEk ez dute gure herria beste instituzioen aurrean pasaitarron ahots hori egituratu nahi. Gu, EH Bildu, ez gera ixilik geratuko Udal Finantzazio Fondoarekin gertatu dena larria izan baita: %20 kendu digute PNV-PSEk 2020ko finantzaziotik eta Pasaiako Udalean PSE-PNVko zinegotziak otzan-otzan, beti bezala.

"Indarrak batzea proposatu genien"

Denbora honetan guztian, Pasaiako EH Bilduko kideok hamarnaka proposamen egin dizkiegu gobernua osatzen duten taldeei eta hainbat ekimen jarri ditugu mahai gainean, herriko eragileekin eta herritarrekin landu ostean. Legealdia hasi bezain pronto, gainontzeko alderdiei akordio zabalak egiteko proposamena luzatu genien. Pasaiak dituen egiturazko arazoei herri gisa erantzun behar diegula sinistuta gaudelako. Beraz, alderdikeriak alde batera utzi eta indarrak batzea proposatu genien.

Pandemia etorri da, gero. Eta pandemian zehar, udal talde guztiak elkarlanean aritu gara, eta elkarlan horretatik lortu dugu inguruko herrietako EH Bilduk garatu dituen ekimen batzuk Pasaian ere indarrean jartzea, beti ere adostasunetik. Hala ere, ezin dugu ulertu eta ez dugu babesten ostalari, merkatari, bolondres edota jai batzordeen bizkarretara aritzea eta ez dugu uste herritarrek ere ulertuko dutenik. Gu etengabeko harremanean egon gara gure herriko eragileekin eta teknikariekin, eta berdina egiteko eskatu diegu behin eta berriz udal gobernuko taldeei. Ez dugu ulertzen politika egiteko bestelako molderik.

Gu, herritarrek EH Bilduri eman ziguten konfiantzatik elkarlana eta herritarren bizitza hobetzeko proposamen zehatzak mahaigaineratzen jardun dugu nekatu gabe eta hori egiten jarraitzeko prest gaude. Pasaiatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik edo Eusko Legebiltzarretik, badelako garaia instituzio horiek guztiek arreta eta finantzazioa gure eskualdeko herritarren bizitzak hobetzen jartzeko, gure eskualdeko herritarren iritziak errespetatuz.

Orain, krisi ekonomikoak larritzen gaitu guztiok, baina gure herriak urteak daramazki krisian. Azken hilabeteok zeozer erakutsi badigute, hauxe da hain zuen ere: adostasuna eta pertsonen beharrizanak erdigunean jartzea posible eta beharrezkoa dela . Badelako garaia Pasaiak denok bat eginik krisiari aurre egiteko . Badelako garaia politika berrietarako. Badelako garaia pertsonen bizitza erdigunean jartzeko. Gure eskua luzatua dago. Gu prest eta prestaturik gaude.