EH Bildutik gure atsekabea eta haserrea publiko egin nahi dugu gaur, pasaitarrok ez baitugu udal gobernu hau merezi. Beste urte batez, gure herriko barruti guztietako bolondres eta ekintzaileek komunikabideekin batera jakin dute udal gobernuak jaien inguruan hartutako aldebakarreko erabakia. Aldebakarrekoa, bai, ez baita herritarrekin, jai batzordeekin edo kultur eragileekin partekatu lehenago.
Ezin dugu ulertu Pasaiako Udal Gobernuak (PSE-EAJ) gure herriko eragileen aurka duen jarrera, mespretxuz eta jauntxokeriaz betea, Pasaiako bizitza kulturala urteetan bizirik mantendu duten jai batzordeen aurka.
Ez da egon erabakia konpartitzeko edota batzordeekin elkarrekin hartzeko inolako nahirik.
Guztiok argi dugu eta uler dezakegu gaur egungo osasun egoeran ezin direla jaiak normaltasunez ospatu, baina udal gobernuaren aldetik ez da egon, beste behin ere, erabakia konpartitzeko edota batzordeekin elkarrekin hartzeko inolako nahirik.
Eta guretzako are larriagoa dena, ez da egon gure herriko bizitza kulturala, egungo osasun egoeraren mugen barruan eta herriko jaien datetatik haratago, elkarlanean suspertzeko inolako ahaleginik. Beste behin ere, herriko eta bereziki udako kultur dinamika herritarren lepoan utzi dute PSEk eta EAJk.
Bulegotik, bolondresei eta, oro har, herritarrei bizkar emanez ari dira gobernatzen, eta horrek ez luke lekurik izan behar gaur egun. Gipuzkoan, ugariak dira beste bide bat egin daitekeela erakusten ari diren udalak, batzuk gugandik oso gertu, pandemiaren testuinguruan bada ere, herritarren eta eragileen arteko harremanak sendotu eta komunitatea indartu dutenak.
Datorren plenora ekimen bat eramango dugu.
Aipatutako honegatik guztiagatik, iragarri nahi dugu datorren plenora ekimen bat eramango dugula jaietako diru-partidak jai batzordeekin eta eragile kulturalekin adostutako ekimen kulturaletara bidera daitezen. Ez dugu onartuko Udal Gobernu honek gure herriko elkarteen herrlgintzarekin eta bizitza kulturalarekin bukatzea.
Amaitzeko, herritarrei, eragileei eta elkarteei zuzendu nahi gatzaizkizue: lerro hauen bidez doakizue gure aitortza herria bizirik mantentzeko lanean bolondres ari zareten horiei, zuek egiten baituzue Pasaia izatea herri bat non bizitzea merezi duen.