AKTUALITATEA


| 2022-06-28 12:12:00

Maiatzaren 17an, LGBT+fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu Ekainaren 28an, LGBT+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBT+ mugimenduaz.

Ezin dugu, ordea, PSE-EEk eta EAJk osatzen duten udal gobernuaz harro egon, egun honetan ere ez. Maiatzaren 17an bezalaxe, adierazpen instituzional proposamen hutsala bidali digute, konpromisorik gabea eta anekdotikoak diren politikak barnebiltzen dituena. Berriz ere, urte hasieran ortzadar koloreko zebrabideekin gertatutakoa ahanzturan uzten duena. Horregatik, eta honen aurrean, EH Bilduk proposamen osoagoa bidali diegu gobernua osatzen duten taldeei, hauek onartu ez dutena.

Gaur egun, oraindik bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria eguneroko errealitatea dira LGBT+ herritar askorentzat. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterkeria eta gorrotoa gaur egunean ere jendarteko sektore askotan sakon errotuta daude. Eta udal gobernuak ortzadar zebrabideak modu arbitrarioan ezabatzeko hartutako erabakiak ez du batere lagundu zentzu honetan.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea, baita ere gure herriko kaleetan gure ikurren presentzia bermatuta. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan baititugu.

Oraindik asko dago egiteko, herritar oro, bai Pasaian bai Euskal Herrian bai munduko gainerako herrialdeetan askatasunez bizitzeko. Eta horren adierazgarririk nabariena da eraso LGBT+fobikoen datuak gora doazela. Armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, talde politiko gisa, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak egikarituz. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Eta hori da, zehazki, PSE-EEri eta EAJri eskatu dioguna.

Beharrezkoa da gure herriko LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarrituta ekintza plan integrala abiatzea. Prozesu hau, jakina, herriko LGBT+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartuta. Horregatik, eta Udaletik hau egiten ez den bitartean, EH Bilduk Pasaian bizikidetza sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, hezkuntza komunitatearekin, gazteekin eta elkarteekin elkarlanean.

Amaitzeko, pasaitar oro animatu nahi dugu egun honen karietara antolatutako ekimenetan parte hartzera. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!