AKTUALITATEA


| 2022-04-29 12:10:00

Aste honetan jakin du EH Bilduk Pasaiako Udalak ez duela ekimenik aurkeztu apirilaren 25ean amaitzen zen titulartasun publikoko eraikinak birgaitzeko diru-laguntzaren lehen deialdira. Hori dela eta, eskatu nahi dio PSE-Eek eta EAJk osatutako udal gobernuari Kalparrako eta Zirizako eraikin publikoak birgaitzeko proiektuak Europako laguntza honen bigarren deialdira aurkez ditzala. Onartezina da Pasaia aukerak galtzen jarraitzea.

Joan den martxoaren 11n, diru-laguntzen lerro bat argitaratu zen, eraikin publikoak birgaitzeko sustapen-programaren (PIREP) eta Europako Next funtsen barruan. 600.000.000 €-ko lerro horren helburua 2026a baino lehen titulartasun publikoko eraikinak birgaitzeko laguntza ekonomikoak ematea da. Hori dela eta, EH Bildu taldeak lehenbailehen lanean hasteko eskatzen diogu PSE-EEk eta EAJk osatutako gobernuari, Kalparra eta Ziriza eraikinak birgaitzeko eta berregokitzeko obren proiektuak gauzatzeko beharrezko finantziazioa lehenbailehen jaso dezagun.

Horrekin batera, EH Bildutik salatu nahi dugu gobernua aukera oso garrantzitsuak galtzen ari dela Pasaiako herritarrek horrenbeste behar ditugun azpiegiturak hobetzeko. Eta gogorarazi nahi dugu Kalparra arraun-klub moderno eta gimnasio publiko batean birgaitzeko eta egokitzeko proiektua idatzita dagoela 2018tik, eta laguntza-deialdi honetarako baldintzak betetzen dituela.

Gainera, Zirizaren kasuan, Udalak Portuarekin lortutako akordioa gauzatzen denean eraikina berregokitu ahal izateko behar den lana Trintxerpeko elkarteekin elkarlanean aurreratu dezala eskatu nahi diogu PSE-EE eta EAJri. Izan ere, elkarte horiek hilabete dezente daramazkite gobernuari Zirizaren inguruan dituzten proposamenak entzun eta erantzun ditzatela eskatzen.

EH Bilduk deitoratzen eta kritikatzen du gobernuak lehen aukera hori galdu izana, baina gogorarazi nahi du oraindik garaiz daudela 2022ko ekainaren 9ko bigarren deialdira aurkeztuta egin duten akatsa zuzentzeko.

Iruzurraren aurkako plana

Amaitzeko, EH Bilduk udal gobernuaren immobilismoa salatu nahi du Europako diru-laguntza ildoei dagokienez. PSE-EEren eta EAJren aurreikuspen faltaren ondorioz, Pasaiak bere etorkitzuna baldintzatuko duten aukera erabakigarriak galtzen ari da.

Europako laguntzak bata bestearen atzetik datoz, baina Pasaiako Udalak ezin du bat ere eskatu, gobernuak oraindik ez dituelako hasi iruzurraren aurkako plana idazteko beharrezko izapideak, eta plan hori gabe ezin dugulako laguntza ekonomikorik jaso. Guztiz onartezina eta gaitzesgarria da hori «kudeaketa ona» banderatzat duela dioen gobernu batentzat.