EH Bilduk Senatuan Garraio ministroari egindako interpelazioaren ondorioz, Espainiako Gobernuak erakundeen arteko mahai bat sortzeko konpromisoa hartu du. Mahai horretan Pasaiako Portu Agintaritzaz aparte, badiako eragileak eta badiako udalek parte hartuko dute.
Astearte arratsaldean, EH Bilduk Garraio ministroari galdetu zion ea ados ote zegoen Portu Agintaritzak 2020an Pasaiako Badia erakunde arteko mahaia utzi izanarekin, Badiako udalen eta Portuaren arteko koordinazio- eta komunikazio-organo bakarra zena, portuko aktibitateak badian sortutako afekzioak murriztea xede zuena. Ez dago arrazoirik edo justifikaziorik Portu Agintaritzak foro horretan parte ez hartzeko. Arduragabekeria galanta da utzi izana, eta horregatik eskatu dugu hori berehala zuzentzea.
Horren aurrean, ministroak erantzun zigun Agintaritzak mahaitik alde egin zuela, «bere egitekoa bukatutzat eman zuelako, dagozkion jarduketa guztiak eginda», eta, gainera, gaineratu zuen portua gehiegi «fiskalizatzen» zutela Pasaiako, Lezoko eta Errenteria-Oreretako Udalek.
Adierazpen horiek erabat arduragabeak dira eta Gobernuak eta Alderdi Sozialistak Pasaiako Badiarekiko duten konpromiso eza adierazten dute. Gure taldearentzat logikoa eta beharrezkoa da udalek zein herritarrok foroak eta baliabideak izatea edozein erakunde publikoren jarduna fiskalizatzeko, baita Portu Agintaritzarena ere. Eta haratago joanda, beharrezkoak dira hiri-portu elkarbizitzan eta bertoko herritarron bizi kalitatean positiboki eragingo duten ekimenak gauzatzeko.
Horregatik, eskatu genion ministroari zuzentzeko, portuaren eta badiaren inguruan oraindik ere hainbat eta hainbat jarduketa egiteke daudelako, degradatutako hiri eta industria-eremuak berreskuratzea eta portu-hiri elkarbizitza hobetzea xede dutenak. Adibideak jartzearren, kutsadurari, zaratari, espazioen lagapenari edo portu-espazioaren barruan gertatzen diren jarduerak erregularizatzeari buruzkoak, gaur egun udalek ez baitute horien gaineko kontrolik, nahiz eta administrazio ezberdinek euren prentsaurrekoetan ulertarazi nahi diguten dena ongi doala fokua beste kontu batzuetara desbideratuta.
Amaitzeko, Pasaiako Badiaren etorkizunari irtenbide politiko eta teknikoak eman behar zaizkiola gogorarazi nahi dugu. Herritarren etengabeko eskaerak erantzutea bilatuko duten duten konponbideak, finean, herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu izango dutenak. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da agendari berriro ere heldu eta erakundeen arteko harremanei berriro ekitea.