AKTUALITATEA


| 2020-12-14 12:00:00

Larunbatean egindako batzarraren ostean, Pasaiako EH Bilduren oinarriak PSE-EEk eta EAJk 2021erako aurkeztutako aurrekontu proposamenaren aurka bozkatzea erabaki du. Hainbat astetako negoziazioen eta aurrerapauso txikien ostean, horiek oraindik nahikoak ez direla uste dugu, eta, beraz, EH Bilduren jarrera aurka bozkatzea baino ezin dela izan.

Jakina denez, EH Bilduk, lau ardatzetan lan egitea proposatu du:

  1. Pasaiako ostalaritza, merkataritza eta txikizkako zerbitzuetarako talka-plan baten garapenean.
  2. Kultura-, elkarteen eta kirol-jarduerari eustea eta jarduera hori areagotzea bizitza soziala suspertzeko.
  3. Etxebizitzaren udal plan bat abian jartzea alokairu publikoak lehenetsiz.
  4. Bizikidetza- eta segurtasun-plan baten gauzapena, herrian izan diren bizikidetza-arazoei erantzun asmoz.

Proposamen hauek guztiak ez dira aurrekontuan jaso, eta, beraz, EH Bilduk ez du adostasunerako punturik aurkitu.

Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu Pasaiaren etorkizuna erabakiko den erakundeen aurrean (Portua, Eusko Jaurlaritza, Aldundia…) ahots bakarra egituratzea. Uste dugu badela garaia siglak alde batera utzi eta alderdi guztiok batera eta elkarlanean lan egiteko, herri gisa, oraindik egiteke dauden proiektuak lehenbailehen gauza daitezen eta Pasaiak, behingoz, merezi duen finantziazioa jaso dezan. Pasaiak ezin du zain jarraitu. Legealdia hasi zenetik, lehen indar gisa, behin eta berriz agertu dugu gure konpromisoa eta prestutasuna gai honekin, baina oraindik ez dugu horren aldeko erantzunik jaso, oraingoan ere ez.

Laburbilduz, ez dugu uste ahalegin guztia egin denik 2021erako proposatzen diren kontuak hedakorrak izan daitezen. Anbizio gutxi duen aurrekontu bat onartuko da ostiralean, eta, gure ikuspuntutik, honek ez die herritarren beharrei erantzuten eta ez du jende zaurgarria erdigunean jartzen.