Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek, hainbat herritarrekin batera, lore-eskaintza egin dute gaur, maiatzak 27, Ategorrietako sarraskiaren 91. urteurrena oroitzeko. Egun horretan, 1931ean, portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, haien lan-baldintza penagarriengatik protesta egitera.
Markel Ormazabal (Donostia) eta Iraitz Pazos (Pasaia) zinegotziek hitza hartu dute Donostiako nahiz Pasaiako badiaren bilakaera historikoan langileen mugimenduak eta sindikatuek izan duten – eta duten – garrantzia nabarmentzeko.
Gogoratuko denez, iaz, 90. urteurrenean, EH Bilduk sarraskiaren oroimena hiriko eztabaida sozialera eraman zuen, hainbat ekimen programatuz. Era berean, Donostiako eta Pasaiao Udal Gobernuei proposatu genien Ategorrietako sarraskia ofizialki oroitzeko, eta, atzerapen askoren ondoren, azkenean, Donostiako Udalak plaka ofizial bat jarri zuen bertan, eta errekonozimendu instituzionaleko ekitaldia egin zuen Pasaiakoarekin batera 2021eko abenduaren 22an.
Iraitz Pazos zinegotzi pasaitarraren hitzetan, «gaurkoa data seinalatua da, eta ziur aski pasaitar askok ez dute ezagutzen. Data honek garaiko langile-klaseak markatu zituen, baina, zoritxarrez, ahaztuta geratu zen». Hori dela eta, gogorarazi du EH Bilduk gertakari hori eta garrantzi bereko beste batzuk gogoratzen jarraitzeko duen konpromisoa irmoa dela, eta gaineratu du gustatuko litzaiekeela Itsas Festibalarekin batera Pasaiako langileen eta itsasoaren «espisodio tragiko» hori gogoratzeko ekitaldiren bat egitea, «hori ere gure itsas ondare inmaterialaren parte delako».
Amaitzeko, EH Bilduk gogorarazi du Ategorrietako sarraskia eta, oro har, langileen mugimenduaren borroka kontakizun ofizialetik baztertu nahi izan direla. Aitzitik, langile-borrokak izan direl – eta izaten jarraitzen dutela – Donostiako eta Pasaiako hiri-nortasunaren ezaugarrietako bat, eta gaur egun Pasaian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian dugun gizarte-ongizatearen mailara iristeko arrazoi nagusietako bat.