EH Bilduk publikoki salatu nahi du Aldundiak errepide bat eraikiko duela Ziriza eta Correos arteko orubean, orain Zirkua instalatzen den tokian. Errepidea, Adinberriren eraikinaren obrak dirauen bitartean Trintxerpeko Alkateordetzaren atzeko gunean eraikiko den behin-behineko aparkalekura sartzeko baliatu nahi dute.
EH Bilduk zentzugabekeriatzat jo du PSE-EEk eta EAJk osatutako udal gobernuak obra-lizentzia hori alderdi berberek osatutako Aldundiari eman izana, batez ere kontuan hartuta badagoela modu naturalago bat behin-behineko aparkaleku horretara sartzeko La Herrerako Aduana kaleko errepidetik, baina sarbide hori hesi batekin itxi nahi dute.
Ibilgailuen sarrera eta irteera Euskadi Etorbideatik egiteak erabat hausten du Trintxerpeko elkarteek eta EH Bilduk berak Zirizari erantsitako plaza berde handi bat sortzeko egin duten proposamena eta gainera espaloia eta oinezkoen gunea zeharkatzen ditu. Horrez gain, balizko kultur ekipamenduaren sarrera erabat hipotekatzen du, eta elkarteek urteak lantzen daramaten proiektuari kalte egiten dio.
Gai hori ez da berria, aurretik Udaleko hirigintza batzordean landu baitzen, EH Bilduk proposatuta. Koalizioak batzorde horretan duen bozeramaileak udal gobernuari ohartarazi zion errepide hori eraikitzeko erabakia ez zela udalaren interesetarako, are gutxiago trintxerpetarren interesetarako, eta horrela egiteak ez dakigula nori egingo zion mesede. Gainera, erabakia lehenbailehen berriz aztertzeko eskatu zuen.